Neguko oporretan aisialdiaz gozatzeko aukera zabala, Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 16a, 00:00

Atzo aurkeztu zituzten neguko oporretarako prestatutako egitarauaren nondik norakoak.

Aitor Huizi Kultura zinegotziak, Aitor Lukas Gazteria zinegotziak eta sail bakoitzeko teknikariek aurkeztu zuten 'Eta Hernanin neguko oporretan zer?'egitaraua. Argi adierazi zuten adin guztietarako pentsatutako programa osatu dutela: «25 ekintza izango dira guztira, abenduaren 21etik urtarrilaren 5era».

Gabonekin batera, badatoz neguko oporrak eta Hernanin, ohi moduan, herritarrek izango dute opor egunetarako entretenimendua, 'Eta Hernanin, neguko oporretan zer?' programarekin. Atzo goizean eman zuten programaren berri Biterin, Udaleko Kultura Sailak, Kirol sailak, Haur eta Gazteria sailak eta Hernaniko Gaztelekuak.

Santo Tomas egunean emango zaio hasiera programari, Gaztelekuak antolatutako sukaldaritza tailerrarekin. Hurrengo egunean, arratsaldez, kulturaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek; izan ere, oholtza gainera igoko dira  Itziar Urretabizkaia, Ainhoa Etxaberria eta Intza Alkain, 'Baginaren bakarrizketak' antzezlana eskaintzera. Arratsaldeko 19:30etan hasiko da antzezlana, eta sarrerak erosgai daude Biteriko leihatilan edo kultura.hernani.eus webgunean. 

Abenduaren 24an, Olantzero eta Mari Domingiren bisita izango dute etxeko txikiek, goizean auzoz auzo pasako dira herritarrak agurtzera eta kale buelta egingo dute arratsaldeko 17:00etan hasita. Gabon gaua pasa ostean, Olentzerok ekarritako opariak ireki eta familiarekin bazkaldu ostean, 'Matraka ma non troppo ' tailerra eskainiko da familientzat, Milagrosan, 12:00etan hasita. 

Abenduaren 27tik 29ra bitartean, Gabonetako ludotekan zilipurdika ibiltzeko tarte ederra izango dute herriko haurrek eta gazteek. Goizetan izango da ludoteka, 10:00etatik 13:00etara bitartean, eta besteak beste, aukera izango dute eskalatzeko, haurren txokoan jolasteko eta ohe elastikoetan ibiltzeko. Gainera, ludotekak iraun bitartean, Gipuzkoako elikagai bankua egongo da eta elikagaiak eramaten dituen orori abenduaren 29rako antolatu dute bingorako txartela emango zaio. 

Abenduaren 27ko arratsaldean, 'Mamut' haur antzerkia eskainiko du Markeliñe konpainiak. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da antzezlana Biterin, eta sarrerak erosgai dituzte herritarrek Biteriko leihatilan edota kultura.hernani.eus webgunean. Egun berean, Gaztelekuak, alanbrezko zuhaitzak egiteko tailerra eskainiko du, gazteentzat. 

Inuxente egunerako, goizetik arratsaldera bitarterako ekintza mordoa antolatu dituzte. Goizean, Ludotekan jolasteko aukera egongo da, eta arratsalderako, eskalatzeko irteera antolatu dute, Pio Barojan; autobusean joango dira bertara. Eta azkenik, arratsaldeko 17:00etan Biteriko pantaila haundian 'Etxean bakarrik' filma proiektatuko dute, lehenengo aldiz euskeraz bikoiztuta, Zineklubaren eskutik.

Hilabeteari amaiera emateko, Willis Drumond taldearen azken aurreko kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute hernaniarrek, Biterin. Gaueko 22:00etan emango zaio hasiera kontzertuari eta zutik izango dela aurreratu du Kultura sailak. Aitortu dute sarrerak dagoeneko agortzen ari direla.


Urte berria, ekintza berriak

Komiki tailerrak emango dio ongi etorria 2024garren urteari, zehazki urtarrilaren 2an. Goizeko 11:00etatik 12:30etara bitartean eskainiko dute tailerra, 9 eta 13 urte bitarteko haurrentzat, eta izen ematea liburutegian gauzatu beharko du parte hartu nahi duen orok. Hiru egunetan eskainiko dute komiki tailerra, beraz, urtarrilaren 3an eta 4an ere komikigintzari buruzko xehetasunak jakiteko eta praktikan jartzeko aukera izango dute herriko gaztetxoek. Axpik eskainiko du tailerra eta ezinbestekoa da aurrez izena ematea; horretarako aukera egongo da etzitik aurrera.

Komikigintzako tailerraz gain, familientzako sormen tailerrak ere urtarrileko egitarauaren zati bat hartuko du, hilaren 3, 4 eta 5, hain justu. Saio bakoitzean eskulan bat egingo dute, aurrenekoa izango da etxeak eraikitzea; hurrengo saioan, elur panpinak egingo dituzte; eta azkenik, gabonetako zuhaitzak sortzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Aipatu moduan, urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean izango dira familientzako sormen tailerrak, goizeko 11:00etatik 13:00etara bitartean, Biterin. 4 urtetik gorako haurrei zuzendutako saioak dira, heldu batek lagunduta.

Gaztelekuaren eskutik ere izango dira ekintzak urtarrilean; hala nola, Scape roomera irteera, argazki transfer tailerra eta sukaldaritza tailerra. 

Antzerkiei dagokionez,  urteko aurreneko antzerkia izango da haurrentzat zuzendutako 'Kutxartean' antzezlana. Urtarrilaren 3an oholtzaratuko du Teatro Paraisok, arratsaldeko 18:00etan hasita eta sarrerak Biteriko leihatilan edota kultura.hernani.eus webgunean daude eskuragai.

Azkenik, liburuteguian, 'Zenbat dakizu?' jolasaren zozketa burutuko dute urtarrilean. Axeri dantza da aurtengo gaia, eta zenbait galdera daude liburutegian dagoen zuhaitzaren alboan. Dagoeneko parte hartu daiteke, eta azken egunean parte hartzaileen artean zozketa egingo dute, urtarrilaren 5an, eguerdiko 13:00etan.

 

ABENDUAK 21

16:30-20:30 Sukaldaritza tailerra (txistorra). Gaztelekuan. 

ABENDUAK 22 

16:30-20:30 Karaokea. Gaztelekuan.

19:30 'Baginaren bakarrizketak', Biterin. Sarrerak 'kultura.hernani.eus'en edo Biteriko leihatilan.

ABENDUAK 24

17:00 Olentzero eta Mari Domingiren etorrera. Zinkoeneatik abiatuko da kalejira.

ABENDUAK 26 

17:00 'Matraka ma non troppo' ikuskizuna. Familientzat musika trenak sortzeko tailerra. Milagrosan.

ABENDUAK 27

10:00-13:00 Gabonetako ludoteka. Kiroldegian.

18:00 'Mamut' haur antzerkia. Biterin. Sarrerak 'kultura.hernani.eus'en edo Biteriko leihatilan.

16:30-20:30 Alanbrezko zuhaitza tailerra. Gaztelua.

ABENDUAK 28

10:00-13:00 Gabonetako ludoteka. Kiroldegian.

15:55 Eskalada irteera (BU11 bus geltokian). Pio Baroja Donostian.

17:00 Zinekluba saio berezia: 'Etxean bakarrik' filma.

ABENDUAK 29

10:00-13:00 Gabonetako ludoteka, Kiroldegian.

10:15 Aquariumera irteera. BU11autobus geltokian.

ABENDUAK 30 

22:00 Willis Drumond. Biterin. Kontzertua zutik izango da. Sarrerak 'kultura.hernani.eus'en edo Biteriko leihatilan.

URTARRILAK 2 

11:00-12:30 Komiki tailerra. Izen ematea liburutegian (9 - 13 urte bitarteko haurrak).

16:30-20:30 Argazki transfer tailerra. Gaztelekua.

URTARRILAK 3

11:00-12:30 Komiki tailerra. Izen ematea liburutegian (9 - 13 urte bitarteko haurrak).

11:00-13:00 Familientzat sormen tailerra. 4 urtetik gorako haurrek eta heldua. Biterin

15:55 Scape room. BU11 autobus geltokian. 

18:00 'Kutxartean' haur antzerkia, Biterin.

URTARRILAK 4 

11:00-12:30 Komiki tailerra. Izen ematea liburutegian (9 - 13 urte bitarteko haurrak).

11:00-13:00 Familientzat sormen tailerra. 4 urtetik gorako haurrek eta heldua. Biterin. 

16:30-20:30 Sukaldaritza tailerra (Paniniak). Gaztelekuan.


URTARRILAK 6 

11:00-13:00 Familientzat sormen tailerra. 4 urtetik gorako haurrek eta helduek. Biterin. 

13:00 'Zenbat dakizu?' Liburutegiko zuhaitz-jolasaren  zozketa. Liburutegian.

Informazio osagarria:

-Hernaniko Gaztelekuak antolatzen dituen zenbait ekintzetarako izena eman behar da: Gaztelekuan bertan; 668 826 420 telefonora deitura; edota gaztelekua@hernani.eus helbidera idatzita.

-Familientzat sormen tailerretan izena emateko, esteka honetan sartu linktr.ee/gaztetu-n; edo idatzi gazteria@hernani.eus helbidera.

-Antzezlanetarako sarrerak, berriz, Biteriko leihatilan edo kultura.hernani.eus webgunean erosita. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!