«Maila izugarria duten bertsolariak izango ditut alboan eta uste dut ederra izango dela gaurko finala»

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 16a, 00:00

Nerea Ibarzabal iaz, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean.

2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapelduna izan zen Nerea Ibarzabal Salegi, eta gaur, berriro kantatuko du Bilbao Arenako finalean, «gogotsu eta ilusioz». 

Gaur jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala, Bilbao Arenan. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da finala, eta ateak 15:30etan zabalduko dituzte. Oholtza gainean izango da, aurten ere, Nerea Ibarzabal, Hernanin bizi den markina-xemeindarra eta Kronikarekin jardun du finalaren aurreko sentipenei eta aurreikuspenei buruz. Ondorengo bertsolariekin batera kantatuko du Ibarzabalek: Aissa Intxausti, Aitor Etxebarriazarraga, Gorka Pagonabarraga, Jone Uria, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia. 

 

Azaroaren 25ean, Lemoako finalaurrekoa irabazi zenuen. Nola sentitu zinen? 

Oso ondo joan zen finalaurrekoa. Oso talde polita osatu genuen, gure bertso eskolako bertsolariekin, niretzat oso talde lagunkoia izan zen eta giro berezia sortu zen. Gainera, semifinalek beti dute kutsu berezi bat.

Orokorrean oso saio ederra osatu genuen, baina ni pertsonalki, ofizioetan urduri nengoen, uste nuena baino gehiago. Hala ere, uste dut saioa eusten jakin nuela. Ganbarako lanarekin gustura gelditu nintzen, eta mordoxka bat sartu ginen gaurko finalera, beraz, oso pozik nago.

 

Gaur jokatuko duzue Bizkaiko Txapelketaren finala, Bilbon. Zein sentsaziorekin zoaz?

Ilusio haundia daukat, zortzikote oso ederra eta anitza gelditu delako. Nire ustez, pertsonalki diot, hiru urte jarraian daramazkit txapelketetan eta  esan beharra dut, urte hauek ixteko gogoz nagoela, hurrengo urtean ez dagoelako txapelketarik niretzat. Gogotsu nago eta saio oso ona izango denaren susmoarekin noa.

 

Hiru urte segidan txapelketetan... Zer suposatzen du honek zuretzat?

Hiru udazken egotea hain oholtza haundietan eta mediatikoki, hain erdigunean... Batzuetan patxadarako gogoa badaukadala nabari dut. Hala ere, gaurko finala, Bizkaikoa beti da niretzat oso plaza berezia. Publikoan beti daude plazaz plaza egoten diren zale horiek, eta oso gertuko sentitzen ditutñ. Horrenbestez, final honek badauka festatik ere, beraz, horren bila joango naiz, eta gehiago ahal bada, hobeto. 

 

Aurten txapeldun bezala zoaz Bizkaiko Txapelketara. Zein aldaketa dago perspektiba aldetik? 

Uste dut, presio sinboliko bat  baduela aurreko txapeldunak. Hala ere, saiatuko naiz horrekin ez itsutzen gehiegi, maila izugarri ona duten bertsolariak izango ditut alboan. Beraz, uste dut dena emanez gero, eta lehia estua bada, ederra izango dela finala, bertsozaleentzat ere, noski. Ni ahaleginduko naiz nire kontrolean dauden apur horiek kontrolatzen, eta beste guztia, egunak eta momentuak erabakiko du.

 

Finalean aurten aurpegi berriak, eta tartean, bost emakume aurrenekoz. 

Oso argazki ederra guretzat. Sinbolikoa ere bai, azken urteetan ematen ari den aldaketaren seinale baita. Egia da Bizkaiko Txapelketa azken urteetan askotan izan dela parekidea, baina gero argazki orokorrari begiratuta, osotasunean hartuta, kopuru aldetik genero parekidetasunetik oraindik urruti gaude. 

Gaurko finalean bost emakume eta hiru gizon, argazkia ederra da bai, baina horrek ez du esan nahi arazo estrukturala konpondu dugunik. Hala ere, niretzat sekulako poza da egun honen parte izatea. Esaterako, Aissa Intxaustiren aurreneko finala da, eta niretzat oso pozgarria da. Umetatik, bertso eskolatik elkarrekin ibili garen lagunak gara eta niretzako zoragarria da ni ere bertan egotea, Aissaren alboan.

 

Finaletan kantatzea beti da berezia. Dagoeneko esperientzia duzu. Nola zoaz? 

Saiatuko naiz ahalik eta lasaien egoten, azkenean finalak luze joaten dira, ordu asko dira; gainera, zortzikoak izaten direnez, bakardade horretan gerra psikologiko batean sartu zaitezke, zeu bakarrik. Hala ere, saiatuko naiz tenple onarekin joaten eta lasai egoten. Urte batzuk daramazkigunok txapelketetan, saiatuko gara oinarri bat eta estabilitate bat ematen saioari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!