Hariak erakusketa gaur irekiko da urtarrilaren 19ra arte, Andre kale 41eko Pakita Studion

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 15a, 00:00

Ania Sáenz de Buruagaren erakusketa 18:00etan zabalduko da eta lanak zintzilik izango dira paretetan denda irekita egongo den ordutegian.

Gabonei begira ekintza ezberdinak antolatu dituzte Pakita Studion. Atzo ipuin kontaketa izan zen, eta gaur, Ania Sáenz de Buruagaren erakusketaren irekiera ekitaldia izango da 18:00etatik aurrera. Gaurtik 2024ko urtarrilaren 19ra arte egongo dira Aniaren lanak estudioko paretetan zintzilik.

Erakusketa Joseba Sarrionandiaren olerkian inspiratuta dago. «Suposatzen da, bizitzan, korapilatzen gaituzten, edo geu korapilatzen garen, hariei/harremanei buruzkoa dela. Anbinbalentzia eta gatazka sortzen diguten harremanak, mina egiten digutenak, ondo egiten digutenak, behar ditugunak… Barruan, sakon-sakon, eta askotan, ulertzen ez ditugun, edo nik, behintzat, ulertu ez ditudan sentimenduak/harremanak saiatzen naiz irudikatzen», dio Aniak.

Ania izango da estudioan erakusketaren irekierarako, eta jan-edana ez da faltako gaur arratsaldean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!