'Herri bizitza Hernanin' kanpaina aurkeztu dute herriko establezimenduetan erosteko

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 15a, 00:00

I. Landatxe, J. Irazu, B. Iturrioz, P. Ibarguren, H. Ezeiza, I. Jauregi, M. Zulaica, G. Miras eta M. Jimenez.

Berriak elkarteak, Ekhilur kooperatibak eta Udalak aurkeztu dute, eta ekhi monetarekin egindako erosketak sustatzeko 53.500 euro bideratuko dira abenduan hobarietarako.

Hernaniko komertzioetan erostea sustatzeko, Herri bizitza Hernanin kanpaina aurkeztu zuten atzo, udaletxean, Hernaniko Udalak, Berriak merkatarien elkarteak eta Ekhilur kooperatibak. Herriko sortzaileekin egindako Herri bizitza bideoklipa ere aurkeztu zen. Patxi Ibarguren Tokiko Garapeneko zinegotziak azaldu zuenez, «herrian, bertako establezimenduetan erostera animatu nahi ditugu hernaniarrak, kontsumo arduratsua, komunitatea eta tokiko ekonomia sustatzeko».

Gabonen atarian gauden honetan, bereziki «animatu nahi ditugu hernaniarrak herriko establezimenduetan erosketak egitera. Ekhi monetarekin egiten diren erosketak sustatzeko, Udalak hilabete honetako hobarien poltsaren kreditua gehitu du: 53.581 euro bideratuko dira ekhi monetarekin egindako erosketak laguntzera».

Herritarrek, Ekhilur sistemaren baitan sartuta dauden establezimenduetan ekhi monetarekin, egindako erosketengatik %10ko hobaria jasoko dute.

Kanpaina urte osoan, eta sortzaileekin bideoklipa

Herri bizitza Hernanin kanpainak gogora ekarri nahi du beharrezko gauza guztiak «gure herriko merkataritza establezimenduetan topatu ditzakegula, baita ekhi tokiko monetarekin erosketak egitearen garrantzia ere», aipatu zuen Ibargurenek.

Herri bizitza Hernanin ekoizpen osoa Hernaniko sortzaileekin egin da: Bira Produkzioakek ekoitzi du bideoa, Bitartean taldeak jarri du musika eta Eli Pagolak hitzak.

Berriakek eskaintza ugari Gabonetan eta argiak piztuko dira gaur

Gabonak hurbiltzen ari diren garai hauetan, eskaintza eta giro berezia sortuko da Hernaniko kaleetan. Honela, gaur, piztuko ditu Udalak kaleetako Gabonetako argiak. 

Berriak, Hernaniko ostalari eta merkatarien elkarteak ere hainbat ekimen eta jarduera antolatu ditu datozen egunetarako: deskontu bonoak urtarrilaren 6ra arte, bono hauek %20eko aurrezkia emango diete kontsumitzaileei; erroskoen zozketak etzira arte, 100 errege-errosko zozketatuko dira, Hernani txartelarekin erosketak ordaintzen dituztenen artean; aurten, 70 establezimendu baino gehiagok zurezko pinu argitsu bat izango dute eta dekorazioa osatuko du; Zinkoenean gaurtik haurrentzako atrakzioa jarriko da; Berritxu maskotak kaleak animatuko ditu abenduaren 22an goizez, abenduaren 29an arratsaldez eta urtarrilaren 2an goizez; eta urtarrilaren 5ean Errege Kabalgata antolatuko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!