«17 urterekin hasi nintzen Laiotzen eta 33 urtez ibili gara plazaz plaza»

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 16a, 00:00

Xabier Barrenetxea Oialumen.

Laiotz Erromeri Taldea duela 33 urte sortu zen. Sortzaileetako bat dugu Xabier Barrenetxea, eta bera da orain arte taldean egon den bakarra. Aurten eman dio amaiera bere ibilbide profesionalari eta harekin batera amaitu da Laiotz. Gaur eskainiko dute azken kontzertua, arratsaldeko 20:00etan hasita, Oialume Biltokian.

Noiz eta nola sortu zen Laiotz? Zein helbururekin?

Auzoko bi gazte izan ginen sortzaileak, Eñaut Aierza eta neu. Etxean, osaba bateria jotzen ikusten nuen, talde batean jotzen zuen, eta beraiekin hasi nintzen ikasten; tarteka kantarenbat edo beste jotzen nuen Oialumen haiekin. Lehen igandero erromeria izaten zen. Gero, 16 urteren bueltan hasi nintzen ezkontza batean jotzen, edo osaba 'Kanario'rekin txarangan, Goizuetara joan eta beste saio batzuetan aritzen nintzen. Baina Laiotzen, 1990. urtean hasi ginen, Eñautek aipatzen zidan: «Talde bat egin behar dugu». Beraz, azkenean, laukote bat osatu eta ezkontzetan jotzen hasi ginen. Osabak, garai hartan ezkontza askotan jotzen zuen eta kontaktuak pasatzen zizkidan. Lehenengo urtean, horretan aritu ginen buru-belarri, baina gero plazara atera nahi genuen. Plazak egiteko ekipo bat erosi eta lagun bat gehiago sartuta boskotea osatu genuen. Ondorengo taldea osatu genuen hasieran: Eñaut Aierza bajuarekin, Zigor Sagarna Tolosako abeslari bat, ni bateriarekin, beste teklista bat, eta gitarrista bat. Askotan korrika ibiltzen ginen, arratsaldean bodan jo, gauean ez dakit nora joan, ia afaldu gabe, korrika montaketak egin, eta oholtzara igo.  

Nola gogoratzen duzu lehen kontzertua?

Osiñaga auzoan jo genuen aurrenekoa, sekulako nerbioekin. Eñauten neska eta familiarrak Osiñaga aldekoak ziren eta jaiak antolatzen zituzten aurreneko aldia zen. Bazekiten guk aurreko urtetik taldetxo bat osatuta genuela, eta horregatik, gurekin jarri ziren harremanetan. Bigarrena, Oialumen izan zen, eta azkenean errutina batean sartu ginen. Garai batean desberdina zen, dena denen artean egiten genuen, guztiak sozioak ginen. Momentu haietan taldeak hala izaten ziren: ekipoa, argiak, furgoneta... denen artean erosten zen. Egun ordea, gauzak aldatzen joan dira: urteak pasa ahala, taldekide batek uzten zuen, haren ordezko bat sartzen zen... Horrelaxe, pixkanaka-pixkakana. 17 urterekin hasi nintzen eta 33 urtez ibili gara plazaz plaza.  

Nolakoak izan ziren taldearen hastapenak? Harrera ona izan zuen? 

Bai. Gure 33 urteetan, aurreneko urteak oso politak izan ziren. Orduan erromeriak orain baino dezente hobeto funtzionatzen zuen. DJ-ik ez zegoen eta agian  jotzen genuen 25 ezkontzetan eta 70 plazetan, eta horietako asko egun berean. Urte oso onak izan ziren 2005era arte. Gero 2005etik 2012ra bajoi haundia egon zen, plazak asko hustu ziren. Azkeneko 6-7 urteetan esango nuke sekulako susperraldia izan duela erromeri munduak, jendea berriz plazetara bueltatu da. Pandemia aurretik oso ondo funtzionatzen zuen, eta pandemia ondoren oraindik eta hobeto. 

Abestien aldetik eboluzio haundia bizi izan du taldeak? 

Hor gertatzen dena da daudela kanta batzuk kendu ezin direnak. Errepertorioa nik eramaten dut eta plazan dagoen jendera moldatzen gara. Helduak badaude haien gustuko kantuak jotzen ditugu; haurrekin suabeago aritzen gara; eta ordu txikitan zaudenean eta gazteak 'kaña' nahi dutenean, ba 'kaña' emango diegu. Ez gara joaten zerrenda batekin. Etortzen zaizu bat eta «Aizu fandango bat joko duzu?», «Benga, hurrengo kantua fandangoa». Azkenean zuk plazan jendea gustura uzten baduzu, hurrengo urtean seguruenik bueltatu egingo zarela. Osabak hori erakutsi dit beti, eta nik hori ikusi dut. Gertatzen dena da kanta batzuk egoten direla puri-purian 4-5 urte, baina gero zaharkiturik gelditzen dira. Badaude beste batzuk, ordea, 'Behin batean Loiolan', adibidez, orain dela 30 urte jo eta orain jo, berdin funtzionatzen dutenak. Eta esaten duzu: «Posible al da?». Oraingo gaztetxoak dantzan, 60 urteko helduak dantzan eta mundu guztiak daki letra. Abesti honek beti egon behar du errepertorioan. Baina askotan gorabeherak izaten ditugu. Iruditzen zaigu kantu batek funtzionatuko duela; plaza joaten gara, jotzen dugu eta... ezer ez. Jotzen dugu berriz eta.... «Dios! Ez dik ba funtzionatzen, ze pena!». Agian guri gustatzen zaigu, baina ez badu engantxerik alperrik ari gara. Azkenean ibiltzen gara funtzionatuko duten abestien bila.

Hasierako urteetako publikoa eta oraingoa asko aldatu da?

Antzeko perfila da. Gure kontzertuetara jende euskalduna etortzen da, euskal girokoa. Baina testuingurua asko aldatzen da Euskal Herriko puntu batean jo edo bestean. Zu joaten bazara Nafarroara, han agian hasten zara goizeko 1.00etan jotzen, eta goizeko 1:00etatik 5:00etarako ordutegia izaten da; herri askotan arratsalde eta gau. Gipuzkoan beste era batean da: 22:30-23:00ak aldera hasten da. Gure errepertorioa dago gehienbat zuzenduta mugitzen garen inguruetara: Gipuzkoa osoa, Nafarroako iparraldea, Baztan aldea, Iruña alderaino. Araban gutxi eta Bizkaian pixka bat. Baina Bizkaiara joaten gara Bilbo ingurura eta konturatzen gara herri haundietan alperrik ari garela rantxerak eta balsak jotzen. Agian joko dugu gau guztian bat. Han jo behar duzu dena martxosoa... Oso desberdina da errepertorioa Bilbo inguruan edota Hernanin. Aldatu egin behar duzu, jendea asko aldatzen baita. 

Hamaika herritan egon zarete, baduzu gogoan kontzertu edo toki kuttunik?

Nik bi plaza ditut gustukoak. Bat auzoa, etxea, eta bestea, Hernaniko San Joan bezpera. Niretzat Hernaniko San Joan bezpera bezalakorik ez dago. BBK Liven jo? Nik nahiago dut San Joan bezpen Tilosetan kontzertua eskaini, niretzat hori da sekulakoa. Joan izan gara Donostiara eta jo izan dugu piratetan, agian jende gehiagorekin baina... Egun horrek zeozer berezia du, ez dakit hernaniarrak garelako izango den, hala zer. Gainera berdin du asteguna izan edo eguraldi txarra egin, plaza beti tope dagoela, jendea beti festa gosean, sekulako giroarekin... Horrek asko esan nahi du. Herrietara joaten zarenean, joaten bazara eta festen aurreneko egunean joaten bazara, %90ean ziurtaturik duzu giroa egongo dela. Jendea egoten da festa gosean eta juergarako gogoz. Aldiz, joaten bazara festen hirugarren edo laugarren egunean, ez da berdina izango.

Txoritxo batek esan digu kontzertu egunetan tripa ondo beteta jo izan duzuela.

Bai, bai. Hori guk beti oso garbi izan dugun gauza bat da. Gustatzen zaigu ondo afalduta jotzea, ez korrika ibiltzea, bokadillo bat jan eta guztia dida batean montatzea. Saiatzen gara ordu pare bat izaten ondo afaltzeko eta hidratatzeko. Deskonektatu egiten duzu, giroan sartzen zara... Ez dago alderatzerik. 

Orain garraiolari bezala jarraituko dut, nire gauzatxoak egingo ditut musika munduan noizean behin eta herri kirol munduan ere arituko naiz.

Zu zara Laiotzen sorreratik gelditzen den azken taldekidea. Zenbat generazio igaro dira taldetik?

Mordoxka bat. Izan da jendea taldean egon dena 20 urte 15, 12, 8... Aurreneko urteetan taldekideek urte gehiago iraun zituzten taldean. Baina gizartea aldatzen ari da eta nik ikusten dut, musikan gertatzen ari zaiguna lantokietan ere ikusten dela: lantokian sartu, urte bete egiten du bertan, ez zaio gustatzen, utzi eta beste bat sartzen da  bere ordez. Guk egiten duguna da urte beteko konpromisoa eskatu. Urtea bukatzen denean hitz egiten dugu bilera batean eta botatzen dugu: «Tira, ze martxa hurrengo urtean? denek taldean jarraitzeko asmoa?». 
Lehen beste pentsaera bat geneukan. Orain, «kalitatezko bizitza» dago modan, eta nik uste horri asko begiratzen zaiola. Batzuk taldean hasi, eta bi urte pasa ostean utzi egiten dute. Azken urteetan aldaketa dezente egon dira eta horrek pixka bat erre egin dit: udaberrian beste pertsona bat bilatu, aukeratu eta, noski, 50 kantu ikasi behar ditu, moldaketak, tonu aldaketak... eta ibili naiz azkeneko lau urteetan aldaketak egiten, negu guztia lokalean sartuta, normalean baino ordu gehiago pasatzen. Atzean lan haundia dago. 

Kontatu dituzu inoiz zenbat kontzertu eskaini dituzu zure ibilbide profesionalean?

Ez, eta agenda guztiak etxean dauzkat gordeta, bitrina handi batean, den-denak. Agian egun batean hartu beharko ditut eta kontatu. Lehengo egunean buruz aritu nintzen eta esan nuen: «1500 kontzertutik gora egingo nituen, seguru». Baina egun batean pazientziarekin hartuko dut eta kontatuko ditut gutxi gorabeherako bat ateratzeko. 

Noiz izan zen momentua erabaki zenuena: «amaitu da nire ibilbide profesionala musikari gisa»

Lehengo urtean dagoeneko pixka bat pentsatzen hasita nengoen. Faktoreetako bat da jendeak ez duela irauten taldean lehen bezala. Eta gero hor dago seme-alabekin pasatzeko kalitatezko denbora eza. Alaba herri kirol munduan ibiltzen da, aizkoran. Mundu hori asko gustatzen zait eta hor ere sartuta nago. Aurten erakustaldi ugari izan ditu udaran eta ibili naiz korrika eta presaka, ezin iritsi. Gero taldean ardura nik eramaten dut eta beste bat bidaltzen dudanean ez naiz lasai ibiltzen. Neronek eramaten dut kamioia beti, zeren kamioiaren gidabaimena nik bakarrik daukat. Ez da furgoneta bat duzula eta orain batek eramango duela eta hurrengoan besteak ekarriko duela. Eta gautxori ibiltze hori apur bat astuna da. Noizbait erabakia hartu behar da. Musika munduan agian gauza puntualak egingo ditut, baina seriotasun batekin ez behintzat. Taldea ondo dago, giro ona dago, uste dut uzteko garaia heldu dela.

Zein da zure asmoa orain. Diru iturri guztiak musikatik zetorzkizun?

Ez. Garraiolaria naiz, kamioi batekin egiten dut lan nire kontura, orduan bi lanak uztartzea posible izan dut. Taldean daukagun gauza on bat da asko musika irakasleak direla: tronpetista eta tekla jotzen duena, soinujolea  eta gitarrista, eta horiek ekainetik irailera arte,  guk lan gehien izan ohi dugun momentuan, jai izaten dute. Gero, abeslaria eta baijsta, gazteak dira, eta ikasten ari dira. Orain garraiolari bezala jarraituko dut, nire gauzatxoak egingo ditut musika munduan noizean behin eta herri kirol munduan ere arituko naiz. Gustatzen zait eta ibiltzen naiz esatari. Oialumeko jaietan, Portukoetan, Ereñozun.... Ni ez naiz geldi egongo hori argi daukat, baina beste era batera. Eta ba horixe, alabarekin alde batera eta bestera ibili, seme-alabez disfrutatu.

Bi plaza ditut gustukoak. Bat auzoa, etxea eta bestea, Hernaniko San Joan bezpera. BBK Liven jo? Nahiago dut San Joan bezperan Tilosetan jo.

Gaur eskainiko duzue zuen azken kontzertua Oialumen. Zeozer berezia prestatu duzue?

Lehengusuak esan zidan, Axintxioren semeak, Anderrek: «Hi Xabi zeozer egin behar dugu bukaerako». Eta, azkenean, erabaki dugu larunbatean egitea bazkaria Akerregi Sagardotegian eta dagoeneko bagaude  85 lagun: taldekoak, taldekide izandakoak, andreak, umeak, betiko lagunak, ingurukoak... gero etorriko gara Oialumera: 20:00etatik 22:00etara ordu pare bateko saioa egingo dugu eta ondoren DJa izango da. Normalki errepertorioa luzeagoa egiten dugu, plazetan 3-4 ordu, baina hala erabaki genuen. Bazkaria egin eta gero argazkiak aterako ditugu eta aurretik ere bai, lehengoek oraingoek eta taldetik pasa garen kideek. Denak elkartu eta amaiera bat ematearren.
Portuko jaietan, abuztu bukaeran, omenalditxo bat egin zidaten. Kuadrillakoak ditut erdiak baino gehiago eta haiek enteratu ziren utzi behar nuela eta egin zidaten ezer esan gabe omenaldi txiki bat «en petit comite». Igandean jo genuen, semea igo zen bateria jotzera, eta gero abesten aritu ginen. 

Laiotz taldeko azken generazioak, Itzal taldea sortu du orain. Zer iruditzen zaizu?

Ondo. Nik animatu nituen gainera. Esku bat botako niela esan nien; azkenean kontaktu dezente ditut urte askotakoak eta animatu egin dira. Baina orain konturatu dira lan asko egin behar dela, zeren askotan ez zara ohartzen: halako egunetan eta halako ordutan jo, hara joan, kobratu eta aio. Baina ekipoa prestatu behar da, argiak jarri behar dira, entseiatzeko lokalak lortu, kamioneta... 

Zuk taldea uztearekin batera amaitu da Laiotz.

Erabaki hori aspaldi harturik zegoen. Gurekin hasi zen eta nahi genuen bukatu. Talde batek jarraitzea sortzaileetako inor bertan ezbada... azkenean etapa bat bukatzea da. Hasieran taldea sortzea beraiek ere ez zeukaten oso garbi. Batzuk bai beste batzuk, aldiz, dudetan zeuden. Ni egon naiz pixka bat terrenoa prestatzen; hala nola, managerrak, herrietako kontaktuak...Eta esan beharra dut oso ondo iruditzen zaidala, beraiek jarraitu nahi badute. Dagoeneko herritar batzuk esan digute: «Jo, orain zer egin behar dugu zuek ez bazarate etortzen», eta gure erantzuna hau izan da: «Bueno lasai beste talde bat sortu  dute eta aurrera segituko dute».

Aurreneko urteak oso politak izan ziren. Orduan erromeriak orain baino hobeto funtzionatzen zuen. DJ-ik ez zegoen eta agian egiten genituen urtean 25 ezkontza eta 70 plaza.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!