Hernaniarren parte hartzeko moduak hobetzeko hausnarketa egiten ari da Udala

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 14a, 00:00

Patxi Ibarguren, Xabier Lertxundi eta Aitor Lukas, atzoko prentsaurrekoan.

Aurreko legegintzaldian jarri zuten martxan parte hartzeari buruzko hausnarketa prozesua, eta urtarrilaren 27an egingo dute aurkezpena.

Herritarren parte hartzeko moduak eta bideak hobetzeko hausnarketa prozesua garatzen ari da Hernaniko Udala. Une honetan, bildutako informazioaren diagnostikoa egiten ari da Udala, eta urtarrilaren 27an herri mailako aurkezpena egingo dute, Biteri kultur etxean. Prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Xabier Lertxundi alkateak, Aitor Lukas Partaidetza zinegotziak eta Patxi Ibarduren Tokiko Garapeneko zinegotziak, eta prozesuaren nondik norakoak azaldu zituzten. 

Prozesuaren helburua da, Udalaren eta herritarren arteko «harremana, lotura eta komunikazioa» hobetzea, eta aurreko legegintzaldian hasi ziren lanketa egiten. Iazko urritik abendura egin zuten lehenengo analisia, eta jasotako datuak aztertzen ari dira orain: «Udal zerbitzuak optimizatzeko eta herritarrei zerbitzu hobea emateko helburua betetzeko eredu egokiena zein ote litzatekeen aztertzeko asmoz abiatu du Udalak hausnarketa prozesu hau», azaldu zuen Lertxundik. 

 

Aurkezpen irekia, urtarrilaren 27an

Lukasek eman zituen urtarrilaren 27an egingo duten aurkezpenaren zehaztasunak. Ekitaldi irekia izango da herritar guztientzat, eta bi zatitan banatuko dute: lehenengo zatian prozesua azalduko dute Udal ordezkariek, eta bigarrenean hausnarketarako tartea izango da. 

Berezitasun modura, saio horretan edonork parte hartzeko aukera izango duen arren, ausaz aukeratutako 200 herritarrek gonbidapen gutuna jasoko dute etxean: «Sistema hau nahiko berritzailea da Udalarentzat, ausazko gutunekin herritarrei jardunaldietan parte hartzeko gonbidapen zuzen eta pertsonalizatua egingo baitzaie», nabarmendu zuen Lukasek. Lertxundik gehitu zuen «aberasgarria» dela horrelako sistema erabiltzea, «oso jende desberdina» elkartzeko aukera ahalbidetzen duelako, eta taldea «ordezkagarriagoa» delako. 

Aurkezpena egin aurretik, Hernaniko 13 auzo elkarteetako ordezkariekin elkartu ziren atzo Udal ordezkariak, iritziak elkarbanatzeko. 

 

Herritar guztiei deia

Herritar guztien parte hartzea «garrantzitsua» dela nabarmendu zuten prentsaurrekoan: «Herritar asko dira auzoetan eta elkarteetan antolatuta ez daudenak. Horrekin puskatzea da prozesuaren helburua, parte hartzeari buelta bat emateko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!