Durangoko Azokako Sormen Beka jaso dute Hernaniko hiru sortzailek

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 13a, 00:00

Ihintza Iriartek, Miren Bereziartuak eta Uxue Bereziartuak jaso dute beka.

Ihintza Iriartek, Miren Bereziartuak eta Uxue Bereziartuak jaso dute beka, 'Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz' lanarekin. 

'Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz' animaziozko telesail proposamena aurkeztuta, Durangoko Azokako Sormen Beka eskuratu du Hernaniko Marramiau Sorkuntza Taldeak. Ihintza Iriarte Apezetxeak, Uxue Bereziartua Lonbidek eta Miren Bereziartua Lonbidek 15.000 euroko laguntza jasoko dute urte beteko epean proiektua gauzatzeko.

Ilusio haundiarekin jaso dute hiru hernaniarrek telesaila garatzeko beka, eta Uxue Bereziartuak Kronikari azaldu dio pozik daudela gisa honetako laguntza batek eman dien bultzadarekin: «Horrelako sorkuntza prozesuak oso luzeak izaten dira, denbora asko eskaini behar izaten zaie eta beste lan batzuei uko egin behar izan diegu. Laguntza ekonomikotik harago, Euskal Herri mailako beka bat jasotzeak garrantzia eta bultzada ematen dio proiektuari. Animikoki oso pozgarria izan da, eta proiektuan gehiago sinesten lagunduko digu». 

Beka jaso aurretik hasi ziren telesailaren oinarriak finkatzen, eta hurrengo pausoak emateko ardura zehatzak ditu taldeko kide bakoitzak: «Orain gidoiarekin gabiltza buru belarri, zerbait prestatuta geneukan, baina hori fintzen ari gara. Ondoren, adituen iritziak bildu nahi ditugu, gidoigintzan edo haurrei zuzendutako edukietan aritu direnenak. Produkzioari dagokionez, irudigintzan ni arituko naiz, soinuaren atala Mirenek landuko du eta bikoizketaz Ihintza arduratuko da», azaldu du Bereziartuak.

59. Durangoko Azokan aurkeztuko dute telesaila. 5-10 minutu inguruko 5-6 kapitulu izango ditu, eta «bi planeten artean» arituko dira bidaiatzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!