«Arrazismoak duen txarrena ikusten ez dena da, horrek sostengatzen du guztia»

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 13a, 00:00

Lucia Asué Mbomio kazetaria eta idazlea izango da ostiraleko hizlaria.

Migratzeko Eskubidearen Aldeko Astearen barruan, hitzaldia eskainiko du ostiralean, Kulturarteko Plaza Feministan, Lucia Asué Mbomio kazetari eta idazleak. 18:00etan hasiko da 'Genero arrazakeria' hitzaldia.

'Genero arrazakeria' izena du zure hitzaldiak. Zer ezkutatzen da izenburu horren atzean?

Gauza asko. Hitzaldiaren abiapuntua arrazismoari buruz hitz egitea da, arrazismoa zer den azaltzea eta bertako inguruarekin duen harremana zehaztea. Espainiar Estatuan, gehienetan, mesetako inguruneekin lotzen da arrazismoa, baina errealitatea da Zulueta ere historiako beltz tratulari haundienetako bat izan zela, eta gizon euskalduna zen. Oinarri horietatik abiatzen naiz, arrazismoak dituen erro sakonetara iristeko. 

Arrazismoa ez da haur bati eskolan 'conguito' deitzea, hori diskriminazio ariketa bat da. Arrazismoak oinarri zabalagoak eta sakonagoak dauzka, deshumanizazioarekin lotura estua dutenak. Mendeetan zehar mantendu den joera izan da hori, pribilegio jakin batzuekin ez amaitzeko. Gaur egun asko aldatu da guztia, baina ebatzi gabeko kontu asko geratzen dira oraindik. 

Ebatzi gabeko auzi horiek landuko dituzu ostiralean?

Hasieran aipatu dudan deskripzio horretatik hasita, saiatzen naiz azaltzen nolakoa den Espainiar Estatuan bizi den pertsona beltz baten bizitza, jaiotzen denetik zahartzen den arte. Saiatzen naiz ulertarazten arrazismoak duen txarrena ikusten ez den hori dela, horrek sostengatzen dituelako oinarriak. 

Eta zer da ikusten ez den hori?

Hezkuntza sistematik hasita, asko aipatzen dugu jazarpena, lehenago aipatutako 'conguito' deitzearena. Hori oso oso latza da, zauriak uzten ditu bizitza osorako, baina hezkuntzan badaude sakonagoak diren kontuak. Esate baterako, gaitegiak pertsona txuriekin osatuta daude, gehienak gizonezkoak dira gainera. Gaitegi hori txarra da pertsona beltzentzat eta beltzak ez direnentzat, haurrak hazten doazelako pentsatuz munduaren zati haundi batek ez duela ezertxo ere egin. Guk ez ditugu erreferenteak bilatzen, estali nahi dituzten erreferenteak argitara atera nahi ditugu. 

Pertsona heltzen joan ahala, zer da aldatzen dena?

Adibidez, identifikazioak areagotzen dira. Sinpleki azalduta, ezer susmagarria egin ez duen pertsona geratzen dute poliziek, pertsona txuria ez delako. Datuak oso argigarriak dira; Granadako Unibertsitateak egindako ikerketa batean azaltzen dute pertsona txuriak baino 42 aldiz gehiago geratzen eta identifikatzen dituztela pertsona beltzak. Egoera honek gehiago eragiten die gizonezkoei. Horrez gain, zahartu ahala, martxan jartzen hasten da pertsona beltz hipersexualizatuen ideia, emakumezkoetan bereziki. Heldutzat hartzen dira oso gazteak direnean, eta horrek eremu askotan eragiten die. 

Datuekin jarraituta, pertsona helduetan ikus dezakegu migratzaileen seme alabek pertsona ez arrazializatuek baino %36 aukera gutxiago dituztela kurrikulum berarekin lanpostua lortzeko. Gainera, postua eskuratuta ere, sortzen dizuten iruzurti sindromea oso haundia izaten da. 

Zu kazetaria zara. Zure ibilbidean nabaritu duzu hori?

Gertatu izan zaizkit egoera bitxiak. Behin ekitaldi bat aurkeztera joan nintzen, eta iritsi nintzenean antolatzaileek esan zidaten: 'Azkar ibili, jendea iristear dago eta. Txukun txukun utzi behar duzu guztia'. Hori gertatzen da mestizoa naizelako, eta horrekiko dagoen aurreiritzietako bat da lekua garbitzera edo norbait zaintzera noala. 

Traba estruktural horiei aurre egiteko zein da modua? Nondik hasi behar da?

Arazoa estrukturala denez, egitura horietatik hasi behar dugu. Izan ere, baliteke hitzaldietara joaten den pertsona batek ez jakitea zehazki noraino iristen den arrazakeria, baina badu gutxieneko sentsibilitatea. Edo, behintzat, prest dago deserosoak izan daitezkeen kontuak entzuteko. Horregatik diot harago joateko beharra dagoela, eta aldaketak egiturazkoak izan behar direla. Lehen aipatu dut gaitegiena; hor ideala izango litzateke Hezkuntza Ministerioak esku hartzea. Arrazismoaren aurka egingo duten legeak behar ditugu.  

Hitzaldira joateko zalantzan daudenei zer esango zenieke?

Honako hausnarketa egiten dut beti: pertsonak jaiotzen garenean lokatz pusketa borobilak gara, eta bizitzan jasaten ditugun zapalkuntzek ematen digute forma. Akats asko dituzten gizarteetan bizi gara, eta prest egon behar dugu elkarren artean sortzen diren hesiak botatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!