'Paterson' pelikula ikusi daiteke etzi Biterin, Zineklubaren barruan

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 11a, 00:00

Zinemarekiko hernaniarren zaletasuna argi geratu zen estreinaldian.

19:00etan hasiko da abenduko lehenengo saioa eta hilaren 28an 'Etxean bakarrik' filma ere ikusi daiteke.

Hernani Zineklubak hilean film bat proiektatuko du ekainera bitarte, baina abendua salbuespena izango da. Gabonak direla eta, bi film eskainiko dira. Lehendabizikoa etzi, asteazkenean, izango da eta 2016garren urteko Jim Jarmusch zuzendariaren Paterson proiektatuko da. Biterin, 19:00etan hasita, jatorrizko hizkuntzan (ingelesez) eskainiko da, euskerazko azpidatziekin. Sarrera hiru euroren truke izango da.

Filma protagonistaren egunerokoa da, zazpi egun Paterson izeneko estatubatuar autobus gidari gazte baten bizitzan. Literatur kultura haundiko gaztea poeta ere bada, eta emazte gazte xarmagarri batekin bizi da New Jerseyko Paterson izeneko hiri ertain batean.

 

Gabonetako saio berezia gonbidapenarekin, 28an

Abenduko bigarren pelikula hilaren 28an eskainiko da, 17:00etan, Biterin. Saio berezia denez gonbidapenarekin lortu daiteke sarrera. Eskainiko den filma 1990 urteko Etxean bakarrik (Solo en casa) ezaguna izango da.

Hernani Zineklubaren helburu nagusia da zinema aniztasuna Hernanira erakartzea, hala nola, film klasikoak, euskerazkoak, komertzialak edota egile zinemak. Guztiak jatorrizko bertsiotan izango dira, azpitituluekin. Eta euskal filmak direnean, zuzendari eta aktorekin solasaldiak ere izango dira: «Helburua hernaniarren artean zinemarekiko pasioa hedatzea izanik», aitortu dute antolatzaileek.

 

Gaurtik, Hernani Zineklubaren lagun-txartela eskuratzeko aukera hernaniarrek

Horretarako, Hernani Zineklubak HZ Laguna txartela sortu du, sei film ikusteko aukera emanez. Txartel hau urtarriletik ekainerako saioetarako izango da baliagarria, eta 12 euroko prezioa du bakoitzak. Beraz, bi film dohainik ikusteko aukera eskainiko zaie herritarrei.

Gabonak ate joka diren honetan, Hernaniko Udalak aitortu du zinemazaleentzako opari egiteko aukera polita dela HZ Lagun txartela. Eta erosteko aukera izango dute hernaniarrek, gaurtik aurrera, Biteriko leihatilan.

Pelikulak proiektatu eta gero solasaldi interesgarriak ere izaten dira eta antolatzaileek biziki gomendatzen dute Biterira hurbiltzea eta zinemaren pasioaz gozatzea. Abenduan aukera bikoitza izanik Zineklubean partehartzen hasteko hilabete ona izan daiteke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!