'Migrantas' erakusketaren irekierak zabalduko du gaur Migratzeko Eskubidearen Aldeko Astea

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 11a, 00:00

Abenduaren 18ra arte aste osoko egitaraua prestatu da eta erakusketa abenduaren 22ra arte ikusi daiteke Kulturarteko Plaza Feministan.

Bueltan da Migratzeko Eskubidearen Aldeko Astea Hernanin, eta gaurtik abenduaren 18ra, aste osoko egitaraua izango da Kulturarteko Plaza Feministan eta herriko hainbat txokotan. Duela hiru urtetik antolatzen da, Hernaniko Udalaren eta AMHER-SOS Arrazakeria Elkartearen eskutik; eta aurten fokua helmugan jarriko da. «Helmugara iristerakoan gertatzen dena ez da erraza izaten. Badirudi pertsona migratzaileak ongi egon behar duela, baina hainbat arazorekin egiten du topo: dolua, arrazakeria, egindako espektatibak eta errealitatea bat ez etortzea...».

 

Memoriaren maindirea josteko aukera, gaurtik KPFn

Migrantas erakusketa ire­kitzearekin batera gaur emango zaio hasiera Migratzeko Eskubidearen Aldeko Asteari. Kulturarteko Plaza Feministan egongo da erakusketa ikusgai, 19:00etatik aurrera, abenduaren 22ra arte. Bestalde, aste osoan zehar, migratzeko bidean hil direnen omenez memoriaren maindirea josiko da. Josteko materiala Kulturarteko Plaza Feministan egongo da, eta edozein herritarrek izango du bertara joateko eta josteko aukera.

 

Ostegunean eta ostiralean hitzaldiak izango dira

Hilaren 14an eta 15ean, ostegunean eta ostiralean, hitzaldiak izango dira migrazio-doluari eta Ulisesen Sindromeari buruz, eta genero arrazakeriari buruz.

 

Lore eskaintza, larunbatean

Eta azkenik, abenduaren 16an, bidean hil diren migratzaileak omentzeko lore eskaintza egingo da Karabeleko zubian, 13:30etan, eta Atsegindegitik Karabelera egingo den martxan, auzolanean jositako maindirea emango da. Azken hori 12:30etan hasiko da.

Udalak eta AMHERek gonbidapena luzatu diete herritarrei Migratzearen Aldeko Asteko ekimenetan parte hartzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!