Osaren eta Mujikaren 'Abundance' dantza ikusizun ausarta, ostegunean Biterin

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 10a, 00:00

'Abundance' dantza ikuskizuna Biterin eskainiko da.

19:30etan hasiko da eta bertan «indarrean dirauen pentsamolde erromantikoa ezbaian jartzen da», Xabier Mujikaren esanetan.

Osa+Mujika dantza konpainiak Abundance dantza ikuskizuna eskainiko du ostegunean, Biterin, 19:30etan, Biterin. Sarrerak Biterin bertan edo online kultura.hernani.eus webgunean lortu daitezke, 8 eurotan. Gainera, Hernaniko emanaldia azkena izango da. Beraz aukera paregabea izango dute bertaratutakoek ikuskizun ausarta hau ikusteko.

Xabier Mujikak eta Jaiotz Osak sortu zuten Osa+Mujika konpainia eta Abundancek, Mujikak dioen bezala, «indarrean dirauen pentsamolde erromantikoa ezbaian jartzen du. Obrak, printze eta printzesaren istorioa desagertarazi nahi du, oraindik hain ukaezina den monogamia zalantzan jarriz. Izan ere, bizitzeko modu honek norbanakoaren fantasiak guztiz ixilarazi ditu, benetako desirak gure buruetan giltzapetuta geratuz».

Bost interpreteek (Cristina Aldasoro, Maddi Ruiz de Loizaga, Carlos Ojeda, Rafke Van Houplines, Jaiotz Osa), dantzatuz, jabetza, esklusibotasuna, zeloak eta leialtasuna garaituko dituzte.

Erromantizismo toxiko hau iraultzeaz gain, piezak «gizarteak zahartzaroarekiko duen ikuspegi negatiboarekin amaitzea du helburu. Honela, honen aurkako diskurtsoetatik ihesiz benetan boteretsua den adineko pertsonaia aurkeztuko da taula gainean. Berak, askatasun osoz eta bere urteek emandako esperientziatik abiatuz, belaunaldi berriari desioen unibertso honen berri emango dio, beren kabuz erabakiak hartzeko trebatuz», aipatzen dute egileek.

Antzokirako sortutako 52 minutuko obra hau, 2022ko maiatzaren 29an estreinatu zen Donostiako Gazteszena aretoan eta Biterikoa azken emanaldia izango da «oraingoz behintzat», dio Jaiotz Osak. Bera da koreografia landu duena eta dantzarietako bat da.

 Osa+Mujikarentzat hain garrantzitsuak diren elementuak ditu pieza honek ere; biziki landutako estetika boteretsu eta koloretsua da, mezu zuzen eta indartsu batekin. «dantza-sektorean dena dago egiteko. Antzokira joateko ohitura falta da... Gauza asko dago egiteko» eta Abundance obra pauso hori emateko aukera bat da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!