Abenduaren 17an itzuliko da Karabeleko Kros Herrikoia

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 8a, 00:00

Karabeleko Kros Herrikoia, 2006garren urtean.

2006an antolatu zuten azkeneko edizioa, eta aurten berreskuratzeko hautua egin du Belkara Auzo Elkarteak.

IX. Karabeleko Kros Herrikoia antolatu du Belkara auzo elkarteak, abenduaren 17rako. Lehenengo edizioa 1999garren urtean izan zen, eta 2006ra arte urtero antolatu zuten. Geldialdi luze baten ostean, aurten berriro bueltan da Karabeleko Kros Herrikoia. Bederatzigarrena izango da.

Hiru kategoriatan banatu dute krosa; batetik, infantilak, 5 eta 10 urte bitarteko haurrak, goizeko 10:45etan aterako dira; bestetik, gaztetxoak, 11 eta 16 urte bitartekoak, 10:20etan aterako dira; eta azkenik, kategoria absolutua, eta bertan 17 urtetik gorako helduek hartuko dute parte, 11:00etan hasita. Helduek, izena ematerako garaian 10 euro ordainduko dituzte. Parte hartzaile guztiek eman beharko dute izena 'herrikrosa.eus' webgunean, eta dorsalak, lasterketa hasi aurretik Belkara auzo elkartean jasotzeko aukera izango da. 

Belkara auzo elkarteak azaldu du, helduek amaitutakoan pintxo bana eta edaria izango dituztela dohainik. Era berean, kategoria guztietan banatuko dituzte trofeo edota dominak, eta auzoko gazteenarentzat eta beteranoentzat ere saria izango dela nabarmendu dute. Lasterketa amaitzean, kiroldegian dutxatzeko aukera ere eskainiko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!