Ekhilur sistemaren urteko balorazioa egin zuten astearteko EKHItaldian

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 8a, 00:00

Biterin egin zuten Ekhilur sistemaren balorazioa, asteartean.

Aurtengo proba urtea pasa ostean, datorren urtean fase berri batera pasako da Udalaren sostengua hobariei dagokienean.

Asteartean, ekhi tokiko moneta erabiltzen duten Hernaniko komertzioek eta erabiltzaileek batzarra egin zuten Biterin. Bertan, Ekhilurrek 2023ko emaitzak eta datu ekonomikoak elkarbanatu zituen, eta 2024rako planteamendua ere aurkeztu zuen.

Udalak, Hernani Burujaberen baitan, ekonomia zirkularra eta bertako merkataritza babesteko ekhilur tokiko moneta sistemaren aldeko apustua egin duenez, Xabier Lertxundi alkatea bertan zen, eta ondorengoa adierazi zuen: «Udalaren helburua da, Ekhilur Hernanin egiten diren ahalik eta transakzio ekonomiko gehienak egiteko truke sistema izatea. Sistema honekin egindako transakzio orok hiriko-ekonomiari ekarpena egiten dio, aberastasuna hiriko jarduera ekonomikoan bertan gelditu eta hiriko ekonomia dinamizatuko duen zirkuitua elikatzen baitu».

Hernaniarrek ekhilur sistema probatzeko aukera izan dute aurtengo urtean, eta aurkezpenean azpimarratu zuten «gero eta gehiago» direla Hernanin ekhi moneta erabiltzen dutenak.

Horrez gain, Hernaniko Udalak, sistema sustatzeko asmotan, proba gisa ekhi monetarekin erosketak egiten zituzten herritarrei %10eko hobaria eman die guztira 20.000 euro bideratuz hobarietara. Eta Udalak azaldu zuen «inbertsio» gisa ulertzen duela egindako ekarpena. 

Datorren urteari begira, aurtengo proba urtea pasa ondoren, fase berri batera pasako da Udalaren sostengua 2024an. Datorren urtean, establezimenduak izango dira hobariak eskainiko dituztenak eta Udalak, hobari horiek «osatu» egingo ditu. Zenbat eta hobari haundiagoa eskaini saltokiak, Udalaren ekarpena ere haundiagoa izango da. %1eko hobaria eskaintzen duten saltokien kasuan, Udalak %4rekin osatuko du eta herritarrek %5eko hobaria jasoko lukete. %3ko hobaria eskaintzen badute, Udalak %7arekin osatuko du, herritarrek %10eko hobaria jaso dezaten. Eta %5eko hobaria egiten duten saltokien kasuan, Udalak %10arekin osatuko du, herritarrek %15eko hobaria jaso dezaten.


Herriko zortzi elkarte, onuradun

Aurten, 1.880 ekhi metatu dituzte  ondorengo elkarteentzat: AMHER-Sos Arrazakeria; Dobera Euskara Elkartea; Koxka elkartea; Karabeleko, buru gaitza duten pertsonek garaturiko etxalde agroekologiko esperimentala; Sagarreta natura elkartea eta Bidea, burujabetzen aldeko herritarren elkartea. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!