«Txindokiko Kilometro Bertikala korritu nahi nuke, hura izan zen igo nuen lehen mendia»

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 9a, 00:00

Clàudia Sarrate Adarra mendian.

Clàudia Sarrate (Centelles, 1999) irail amaieran heldu zen Euskal Herrira master bat ikastera. Urtebete soilik egongo da hemen, baina dagoeneko euskara klaseak jasotzen dabil, danborradan eman du izena eta Agerre Mendi Lasterketa Taldean hasi da korrika. Gustura dabil bailarakoekin mendian barrena, eta sentsazioa du haiei esker Euskal Herri «autentikoago» bat ezagutzeko aukera izaten ari dela.

Noiz eta nola hasi zinen Agerre taldean?

Euskal Herrira master bat ikastera etorri nintzen, Osasun Psikologia Orokorra, baina pentsatu nuen ederra izango zela hemen egongo naizen denboran korrika aritzeko klub bat aurkitzea. Duela urte pare bat hasi nintzen korrika, Finlandian erasmusa egiten nenbilenean, baina serioago aurten, urte hasieran, Basics izeneko klub batean, Katalunian. Hortaz, arratsalde batean, 'instalatzen' nengoen bitartean Ikerketa txiki bat jarri nuen martxan etxeko sofatik: Googlen 'Donostialdeko trail running klubak' ipini eta 20 bat talderi idatzi nien Instagramen bidez, baita perfil indibidualei ere. Nire sorpresarako ez zidan inork erantzun, soilik Agerre Mendi Lasterketa Taldea izeneko batek, eta probatzera joatea erabaki nuen.

Nola gogoratzen duzu zure lehen eguna Agerren?

Egia esan, ez daukat oso oroitzapen onik. Urduri nengoen eta beldur ugari nituen. Lehena, behar bezain azkarra ez izatea. Instragrametik Mikelek [entrenatzaileak] esan zidan taldean zeudenak lehiaketetan parte hartzen zutela eta egun jakin batzuetan entrenatzeko eskatzen zitzaiela. Talde oso serioa iruditu zitzaidan. Bestalde, egoerara ez egokitzeak kezkatzen ninduen. Banekien oso jende jatorrarekin egingo nuela topo, baina aurrez ez nintzen inoiz izan ezer ulertzen ez nuen testuinguru batean; alegia, ezagutzen ez dudan hizkuntza bat hitz egiten duten pertsonekin ,eta beldurra ematen zidan nola erreakzionatuko nuen, txiki egingo ote nintzen. Baina berehala neska bat etorri zitzaidan hitz egitera eta eskerrak. Bestela, 24 urte izan arren, lotsa emango zidan gehienbat mutilez osatutako talde batera bueltatzeak (barreak).

Behobian hartu zenuen parte eta 1h eta 25 minututan helmugaratu zinen.

Bai. Ederra izan zen. Ez daukat interesik asfaltoan, baina Behobian parte hartzea nire Basque Country Experience-aren parte zen eta bai edo bai korritu nahi nuen. Asko kostatu zitzaidan dortsala lortzea, baina izugarri disfrutatu nuen. Abesti asko entzun nituen artista kataluniarrekin kolaborazioan, ETSren Sumendiak, esaterako, BUHO taldearekin, katalanez Volcans du izena. Gainera, kataluniar askorekin egin nuen topo ibilbidean zehar, eta haiekin hizketan aritu nintzen, eta momentu batez etxean bezala sentitu nintzen. Oso ondo joan zitzaidan eta agian hurrengo urtean bueltatuko naiz.

Zein dira korrikalari gisa dituzun helburuak?

Hemen nagoela aprobetxatu nahi nuke lasterketa dezentetan parte hartzeko, sei bat lasterketetan edo: Euskadiko txapelketako hiru lasterketa korritu nahiko nituzke eta taldeko mutilek gomendatzen dizkidaten beste hiru ere bai, haientzat ederrak direnak. Bereziki Txindokiko Kilometro Bertikalean parte hartzea gustatuko litzaidake, hura izan baitzen hona heldu nintzenean igo nuen lehen mendia.

Lehen igerilaria zinen. Kostatu zaizu trail runningera egokitzea?

Berez, ez. Kontua da inpaktuarekin kontuz ibiltzeko abisua pasa zidatela eta pixkanaka hastea gomendatu zidaten. 20 urte egon naiz uretatik atera gabe, korrika Finlandian hasi nintzen, lagunak egin nahi nituelako eta bertako klub batean eman nuen izena. Haiekin bi hilabete korrika aritu ostean, Finlandiako Maratoi Erdian parte hartzea erabaki nuen eta ondo joan zitzaidan. Dena den, lehenago Kataluniako lasterketaren batean ere parte hartu nuen. COVID garaian, zonaldetik mugitu nahi bazenuen lasterketekin justifikatu zenezakeen, eta halaxe aritu nintzen ni, nireak ez ziren zapatila batzuekin lasterketak amaitu ezinik

Clàudia Sarrate Adarra mendian korrika.
 
 

Urtebete soilik egongo zara hemen, baina dagoeneko euskera ikasten zabiltza eta danborradan ere eman duzu izena.

Kataluniatik nator eta gure hizkuntzak historia, kultura eta tradizio haundia du. Hona etortzea erabaki nuen momentutik nuen argi euskara ikasi behar nuela, edo behintzat esfortzu minimo bat egin behar nuela hemengo hizkuntza ulertzeko. Neure buruan pentsatzen jarrita, katalana oso presente dago mundua ulertzeko eta erlazionatzeko dudan erarekin eta pentsatu nuen hemen jendeari berdina pasako zitzaiola euskerarekin. Bi Katalunia daudela esan daitekeen moduan iruditzen zitzaidan hemen ere Euskal Herria ulertzeko bi era egon zitezkeela hizkuntzari dagokionez. Hortaz, euskaraz ikasita, autentikoagoa den Euskal Herri bat ezagutuko nuela uste nuen: jendeak bertako txokoen berri emango zidala, hemengo istorioak kontatuko zizkidatela,  dituzten arazoak… Eta, egia esan, Agerren eta danborradan egotea aitzakia perfektua da euskera aditzeko.

Hurrengo astean duzu danborradako lehen entsegua. Urduri zaude?

Gogo handia dut. Emailak bidaltzen dizkigute eta katalana ere txertatu digute horietan, ilusioa handia egin dit. Euskaldun asko egongo direla esan digute eta niretzat oso inportantea da, berriz ere testuinguru euskaldun batean murgildu naitekeelako eta bertako jendea ezagutzeko aukera izango dudalako. Baina, batez ere, katalanak ere badaudela ikusi dut eta ederra dela iruditzen zait. Ikasi behar ditugun euskal abesti zerrenda bat pasa digute, oso motibaturik nago.

Eskolaz kanpoko jarduera horiek, Euskal Herrian integratzen laguntzen dutela iruditzen zaizu?

Euskal Herrira heldu nintzenean nire espektatibak «moldatu» behar izan nituen. Erasmus bat bizi berri dut eta bertan mundu guztiak bere bizitza atzean uzten du: lagunak, bikotea, ohiturak... Nik uste nuen, hona etorrita 'anai eta ahizpak' egingo nituela, Finlandian egin nituen moduan, baina konturatu nintzen hemen nork bere bizitza duela: ikasketak, lana, lagunak, familia... eta ni nintzela guztia zerotik eraiki behar zuen bakarra. Egia esan, nire egunerokoan gehien ikusten ditudan pertsonak klasekideak dira, edo pixkanaka ezagutzen joan naizen jendea, katalanak, adibidez, pisua lortzeko aplikazioen bitartez ezagutu ditudanak. Ez dakit Agerre eta danborradak gehiago integratzen lagunduko didan. Ziur dakidana da bertako jendea ezagutzeko aukera ematen ari zaidala. Hemen gauzak nola doazen azaltzen ari zaizkit, eta segur aski hori izango da etxera eramango dudan gauzarik baliotsuena. Nik lehen ez nekien Euskal Herria eta Pais Vascoren arteko ezberdintasuna zein zen, esaterako, eta hori haiei esker dakit orain. Hemengo esperientzia eta Euskal Herriarekiko dudan ezagutza guztiz ezberdina izango zatekeen Agerren sartu izan ez banintz. Pixkanaka euskarak gauzak zailtzen dizkidala pentsatzeari utzi diot, eta konturatu naiz berdin-berdin komunikatu naitekeela haiekin eta ez didala inor bizkarrik emango euskara ez hitz egiteagatik.

Urrian pilota partidu batean izan zinen lehen aldiz. Zer iruditu zitzaizun?

Euskal Telebistan atera nintzen pilota batekin eskuan. Kirol izugarria iruditu zitzaidan hainbat arrazoiengatik. Harrituta utzi ninduen, esaterako, aurkariek aldagela partekatzen dutela jakiteak, oso harreman ona dute guztiek. Adineko jendea etxetik aterarazten duen kirol bat da, partiduak ikusteko eta apustuak egiteko. Gainera, ulertzeko erraza iruditu zitzaidan eta hemen soilik ikusi dezakezu. Agerreko lagun batek pilotako kontaktuak ditu eta horri esker Hodei [Exposito] ezagutzeko aukera izan genuen. Takoak nola jartzen dituzten erakutsi zigun eta pilota bat oparitu zigun. Komentarista ere [Xabier Euzkitze] etorri zen gu agurtzera. Egia esan, asko gustatu zitzaidan, zirraragarria izan zen eta bueltatzeko asmoa dut.

Aste honetan zure erasmuseko lagunak datoz zu bisitatzera. Ze plan duzu?

Primeran pasako dugula iruditzen zait. Besteak beste, herrialde nordikoetako mutil bat dator, oso-oso lasaia eta edukatua dena. Eta, noski, hemen, pintxo potean zaudenean albokoak entzun zaitzan tonua igo behar duzu eta egoera hori nire laguna deseroso sentiarazten duen zeozer da . Gogoa dut nola erreakzionatuko duen ikusteko (barreak). Bestalde, gure asmoa Zarautzen surf egitea da eta Gaztelugatxera era joan nahi dugu ilunabarra ikustera. Azkenik, aizkolariak ikustera joango gara.

Clàudia Sarrate Adarra mendian.
 
 

Zer da Euskal Herrian bizitzetik gehien eta gutxien gustatzen ari zaizuna?

Euskal Herriko gauza asko gustatzen zaizkit. Katalunian baina bizitza sozial gehiago dago kalean, ederra da astearte normal batean jendea kalean jaten ikustea. Hori bai, ez dut ulertzen zergatik jaten duten zutik, inondik inora ere ez.  Gogoko dudan beste zeozer da itsasoa eta mendia oso gertu daudela, ohitura haundia dut marea gora edo behera dagoen ikustera joateko [Donostian bizi da]. Euskadi oso txikia, polita eta delikatua dela uste dut, eta erraza da alde batetik bestera mugitzea. Aurrekoan kalkuluak ateratzen ibili nintzen; hamahiru asteburu daramatzat hemen, gehienetan kanpoan egin dut lo eta  primeran moldatu naiz garraio publikoarekin. Egia esan, asko gustatzen zait hemen egotea eta sentsazioa dut azken egunean negar egingo dudala, alegia, etorri nintzen era berdinean alde egingo dudala, negarrez. Azkenik, gutxien gustatzen zaidana da gurasoak eta anai-arrebak urrun ditudala, munduan ez da gehiago axola didan ezer, baina, beno, neure erabakia izan zen ona etortzea, hortaz, badakit zer dagoen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!