Gai korapilatsuei buruz errazago hitz egiteko balio dezake bertsoak. Horren erakusgarri izan daiteke Juanjo Uria hernaniarrak osatutako sorta hau: Bakea eta eskubideak Palestinan. Gazako egoera goitik behera aztertzen du sortan, eta zer pentsatua eman diezaioke baten bati.
Honakoak dira Uriak sortutako 26 koplak, Eguzkiak urtzen du han goian edo Arta kamara motxoliñoa I-A doinuetan:
Hamasek egin duen ekintzak,
mila ta berrehun hildako,
modu horiek kokatzen ditut
nire etikatik kanpo.
Denok dakigu ekintza hauek
ze arriskuak dituen,
ikusi baita zenbat gizaki
errugabe hil zituen.
Baina gerra ez zuen Hamasek
hasi urriak zazpian,
palestinarrak hamarkadetan
daude juduen azpian.
Gaza zigortu du Israelek,
zigortu eta birrindu,
baina munduko “bakezaleen”
baimenarekin egin du.
Ameriketan dago ardura,
bertako Etxe Zuriak,
armak hornituz ireki ditu
palestinarren zauriak.
Hiltzaileari eskaini dio
bere indar militarra,
ez da hunkitu, ez du sentitu
palestinarren negarra.
Kixkali ditu haurren eskolak,
meskitak, ospitaleak,
Europak eta amerikarrek
inoiz gaitzetsi gabeak.
Terrorismoaz hitz egitean
handia da zinismoa,
Gazako hori ez baldin bada,
zer da ba terrorismoa?
Lehen zuekin egin zutena,
Treblinkan eta Auschwitz-en,
orain juduak ari zarete
triskantza hura berdintzen.
Genozidio bat bestea baino
handiago kopuruan,
ta naziena bezain krudela
orain bertsio juduan.
Biktima gisa sufritu zuten
Zelaien tratu bortitza,
eta borreroz ospatu dute
beren bigarren Auschwitz-a.
Bereganatu dituzte etxe
ta palestinarren lurrak,
hauek ez dira hiltzaile soilik:
hiltzaile eta lapurrak.
Palestinarrek lurralde hartan
daukaten eskubidea,
aitortu eta onartzeko hau
al du Europak bidea?
Negozioak eskubideen
aurretik diren heinean,
bonbak mehatxu izango dira
Gazako zeru gainean.
Hildako bakar bat asko zela
esanez jardun zirenak,
dira hain juxtu sarraski hontan
isilik egon direnak.
Europar askok juduekiko
gerran izan zuten kulpa,
kendu nahi dute beste herri bat
goitik behera suntsituta.
Gogorarazten didate gerra
garaiko hegazkin “Kazak”,
suntsiketaren asmo berbera
jasan berri baitu Gazak.
Ta sionistak epaitzeko zain
egonez gero, alperrik,
hauei sekula ez zaie eta
ezarriko Nuremberg-rik.
Herri juduak genozidioen
zama eraman dezala,
lehen biktima ta orain berriz
erasotzaile bezala.
Netanyahuren mezu krudel hau
iritsi zaio Hitler-ri:
“Palestinako Ospitaleak
bihurtu ditut hilerri”.
Ukrainian lehen hildakotik joan
ziren errusiarren kontra,
Gazan milaka hildako baina
isilik dago Europa.
Hilak milaka eta Europan
hain lasai diplomazia,
hau al da giza eskubideen
aldeko demokrazia?
Hamabost mila eta ez dute
kontsideratu arazo,
noiz kezkatuko zara Europa:
Hogei milakin akaso?
Haurra negarrez, amaren gorpu
kolpatuaren aurrean,
ez dauka hitzik eman nahi dion
bere azken agurrean.
Hitzik ez zaio atera baina
pentsatu du berekiko:
“Handitan inoiz ez diet hauei
beste masaila jarriko”.
Israeldarrek dena kixkali
baino lehenago baziren,
ez dakit Gazan olibondoak
berriz ernalduko diren.