Garin Herriko Tabernaren 25. urteurrena ospatuko dute abenduaren 23an. Egun osoko egitaraua prestatu dute ospakizunerako, aldarrikapenak eta festa giroa tartekatuta: «25 urtek askorako ematen dute, eta oztopoak oztopo, bizi bizirik jarraitzen dugu herria egiten. Elkarrekin pasa ditugun urteengatik, eta oraindik ere geratzen zaizkigunengatik topa egin nahi dugu, betiere falta direnei leku bat gordeaz».
'25 urtez herria egiten' da hautatu duten leloa, eta antolatzaileek parte hartzeko deia egin diete herritar guztiei: «25 urte hauetan tabernatik pasa diren langile, bezero, herritar, dantzari, saltsero... eta, zergatik ez, pasa ez direnei ere deia luzatu nahi diegu antolatu dugun egitarauan parte hartzeko».
Goizeko aldarrikapenetatik arratsaldeko festara
Hilaren 23ko egitaraua bi zatitan banatuko da. Goizean espetxe martxa eta manifestazioa egingo dituzte, eta musika saioak, elektrotxaranga, kontzertuak eta DJak izango dira bazkalostean. Bazkarirako txartelak salgai daude Garinen; 25 euroan langileentzat eta 20 euroan langabetuentzat.
|
'25 URTEZ HERRIA EGITEN' HERNANI ABENDUAK 23 10:00 Espetxe martxa. Zinkoeneatik abiatuta. 12:00 Martuteneko manifestazioa. 14:00 Argazki jendetsua. 14:30 Herri bazkaria. Jarraian, Andoni Ollokiegi. Bukatzean, Skapaie Elektrotxaranga. 21:00 Kontzertuak: Irrikitan, Kinada eta Xabi Solano & DZ. 00:00 DJ LatxirOngak. 03:00 DJ Miktxelena. |