Energia bulegoa ireki da Iturolan

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 6a, 00:00

F. Arruabarrena, Patxi Ibarguren, Libe Sologaistua eta Ainara Atorrasagasti.

Herritarrei eta Hernaniko enpresei energia aholkularitza eskainiko die.

Hernaniko energia bulegoa ireki zen atzo Burujabetzen Etxean, Iturolan, eta zerbitzua eman nahi die energiaren alorrean Hernaniko herritarrei zein enpresei. Ainara Atorrasagasti Ingurumen zinegotziak, Patxi Ibarguren Tokiko Garapeneko zinegotziak, Libe Sologaistua Energia teknikariak eta Fermin Arruabarrena Enherkomeko teknikariak parte hartu zuten atzo aurkezpenean. 

Energia bulegoak Hernaniko herritarrei, zein enpresei emango die aholkularitza zerbitzua energiaren arloko hainbat gairen inguruan: faktura energetikoa; komunitate energetikoa eta bazkidetza; diru-laguntzak; birgaitze energetikoa; teknologia berriztagarriak; eraikinen eraginkortasun energetikoa edota zaurgarritasun energetikoa. Hezkuntza eta sentsibilizazio lanak ere sustatuko dira bertatik.

Arreta aurrez aurrekoa, telefono bidezkoa edo emailez eskainiko du energia bulegoak. Horretarako, astearteetan eta ostegunetan, goiz eta arratsaldez egongo da zabalik, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara eta asteazkenetan, soilik goizez. 

 

Iaz 444 herritarrei eman zitzaien zerbitzua eta 300 mila euro aurreztu ziren

Iaz, sei hilabetez (azarotik apirilera) egon zen zabalik energia bulegoa. Udalaren eta Enherkomen arteko elkarlanari esker eta orain jarraipena egingo da. «Tarte horretan, 444 herritarrei eman zitzaien zerbitzua», adierazi zuen Fermin Arruabarrenak. %80a 45 urtetik gorakoak eta %70a emakumeak eta %30a gizonezkoak. «Datuek erakutsi dute Hernanin energiaren inguruko kezka eta aholkularitzaren beharra badutela herritarrek eta gazteagoengana iristea izan behar da erronketako bat».

Gehienek, faktura energetikoari buruzko kontsultak egin zituzten, baina izan ziren eraikinaren eraginkortasun energetikoari, komunitate energetikoari edota teknologia berriztagarriei buruzko kontsultak ere.

Emandako aholkularitzari esker, herritar horien artean gasaren eta elektrizitatearen fakturan 300.000 euro aurreztu dutela kalkulatu da.

 

Hernaniko merkataritza eta ostalariekin lanketa pilotua

Hernaniko merkatari eta ostalariek euren kontsumo energetikoa hobetzeko eta faktura ere errealitatera doitzeko, egitasmo pilotua sustatu dute Udalak eta Enherkomek.

Aurtengo urtean zehar, mota ezberdinetako merkataritza eta ostalaritzarako bederatzi establezimenduren kontsumo energetikoaren azterketa egin da eta euren kontsumoa optimizatzeko aholkularitza jaso dute, Enherkomen eskutik.

Horrela, 18.032 euro aurreztu ahal izan dute (kopuru osoaren %23,95).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!