Migratzeko eskubidearen aldeko ekintzak, abenduaren 11tik hasita

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 4a, 00:00

Migratze Eskubidearen Aldeko Astearen aurkezpen argazkia.

Hirugarrenez izango da Migratzeko Eskubidearen Aldeko Astea, Hernanin.

Bueltan da Migratzeko Eskubidearen Aldeko Astea Hernanin, eta abenduaren 11tik 18ra, aste osoko egitaraua izango da Kulturarteko Plaza Feministan eta herriko hainbat txokotan. Duela hiru urtetik antolatzen da, Hernaniko Udalaren eta AMHER-SOS Arrazakeria Elkartearen eskutik; eta aurten fokua helmugan jarriko da. «Helmugara iristerakoan gertatzen dena ez da erraza izaten. Badirudi pertsona migratzaileak ongi egon behar duela, baina hainbat arazorekin egiten du topo: dolua, arrazakeria, egindako espektatibak eta errealitatea bat ez etortzea...». 

'Migrantas' erakusketa ire­kitzearekin batera emango zaio hasiera Migratzeko Eskubidearen Aldeko Asteari. Kulturarteko Plaza Feministan egongo da erakusketa ikusgai, 19:00etatik aurrera, abenduaren 22ra arte. Bestalde, aste osoan zehar, migratzeko bidean hil direnen omenez memoriaren maindirea josiko da. Josteko materiala Kulturarteko Plaza Feministan egongo da, eta edozein herritarrek izango du bertara joateko eta josteko aukera.

Hilaren 14an eta 15ean hitzaldiak izango dira migrazio-doluari eta Ulisesen Sindromeari buruz, eta genero arrazakeriari buruz. Eta azkenik, abenduaren 16an, bidean hil diren migratzaileak omentzeko lore eskaintza egingo da Karabeleko zubian, 13:30etan, eta Atsegindegitik Karabelera egingo den martxan, auzolanean jositako maindirea emango da. Azken hori 12:30etan hasiko da.

Udalak eta AMHERek gonbidapena luzatu diete herritarrei Migratzearen Aldeko Asteko ekimenetan parte hartzeko.

EGITARAUA

Abenduak 11, 'Migrantas' erakusketaren irekiera. Kulturarteko Plaza Feministan, 19:00etan.

Abenduak 11-18, Memoriaren maindirea jostea, Kulturarteko Plaza Feministan.

Abenduak 14, Hitzaldia: 'Migrazio-dolua eta Ulisesen sindromea'. Kulturarteko Plaza Feministan, 18:30etan.

Abenduak 15, Hitzaldia: 'Genero arrazakeria'. Kulturarteko Plaza Feministan, 18:00etan.

Abenduak 16: 

-Azoka, Atsegindegin, 10:00etatik 12:00etara.

-Migratzeko eskubidearen aldeko martxa, Atsegindegitik abiatuta, 12:30etan.

-Lore eskaintza, Karabeleko zubian, 13:30etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!