Eskuetatik ihes egin dio igoera faseak Hernaniri

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 4a, 00:00

Gaizka Arrizabalaga, baloiarekin.

Trikoloreek oso zaila daukate aurreneko hiruen artean sailkatzea, Uni Bilbaoren zelaian galdu ondoren (39-20).

Sei astez elikatutako ametsa, hiru astetan zapuztu zaio Hernaniri. Trikoloreak Ohorezko B Mailako lider iritsi ziren zazpigarren jardunaldira, sendotasun haundia erakutsita; baina ordutik, jokatutako hiru partiduak galdu dituzte, hiru kontrario zuzenen aurrean. Azkenekoa, herenegun, Uni Bilbaoren zelaian: 39-20 nagusitu ziren bilbotarrak, eta kolpe haundia eman zieten hernaniarrei, igoera fasera sailkatzeko asmo horretan.

Trikoloreak bosgarren dira sailkapenean, 25 punturekin; eta oso zaila daukate aurreneko hiru sailkatuei aurrea hartzea: 34 punturekin daude Uni Bilbao eta Getxo, eta 30 punturekin Zarautz. Gernika da laugarren, 27 punturekin. Bi partiduren faltan, aurrekoek huts haundiak egitea behar dute igoera fasera sailkatzeko.

Partidu klabea zen larunbatekoa. Bilbotarrei aurrea hartzeko aukera zuten hernaniarrek, garaipena lortuta; eta horretan ahalegindu ziren hasieratik. Uni Bilbaoren entsaio goiztiarrari, Jokin Olearen zigor kolpe batekin eta Anartz Elosegiren entsaioarekin erantzun zioten ordu laurdena betetzerako (7-8). Baina hurrengo 20 minutuak amesgaiztoa izan ziren hernaniarrentzat: beste hiru entsaio lortu zituzten bilbotarrek, eta alde haundia markagailuan (26-8).

Hala ere, tartea murriztea lortu zuen Hernanik atsedenaren aurretik, Andoni Larrarteren entsaioarekin (26-13); eta bide horretatik jarraitu zuen aldageletatik bueltan, Jon Ander Zapiainek entsaioa egin eta Jokin Oleak transformatuta (26-20). Aldea txikia zen, eta markagailuan aurretik jartzeko aukera izan zuten trikoloreek, baina ez zuten asmatu azkeneko metroetan. Uni Bilbaoren zigor kolpe baten ondoren, 29-20 iritsi ziren azkeneko bost minutuetara, eta bilbotarrek asmatu zuten gehien orduan, 39-20 nagusitzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!