Elur Txorik irabazi du Gipuzkoako Taldekako Bola Txapelketa, Ur-Miaren aurretik

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 4a, 00:00

Elur Txoriko ordezkariak, irabazlearen koparekin, Segurako bolatokian.

Hernaniarrek 172 brila bota zituzten, eta ereñotzuarrek 165, Segurako eta Gabiriko taldeei aurrea hartzeko, gizonezkoen finalean.

Bolatoki 'arrotzean' aritu ziren Urumea bailarako bolariak larunbatean, Gipuzkoako Taldekako Txapelketaren final haundian; baina geldituko zituenik ez zen izan Seguran: Elur Txorik irabazi zuen gizonezkoen finala, Ur Miaren aurretik. 172 brila bota zituzten hernaniarrek, eta 165 ereñotzuarrek. Horrela, atzetik utzi zituzten Segura (163 brila) eta Gabiri (157); biak ere, Segurako bolatokia hobeto ezagutzen dutenak.

Maila ederrean aritu ziren Elur Txoriko lau ordezkariak, eta horrek eman zien garaipena: Fermin Zuloagak 47 brila bota zituen, Benito Loitegik 45, Patxi Loreakek 42, eta Fernando Gallegok 38. Ur-Miako bolariei dagokienez, 48 brila bota zituen Ibon Minerrek, 47 Iñaki Minerrek, 37 Joxe Mari Etxebestek, eta 33 Aner Minerrek.

Emakumezkoen finala ere jokatu zen Seguran, bailarako ordezkaririk gabe. Zerain eta Zarautz aritu ziren, eta nagusi izan ziren goierritarrak, 127 brilarekin. 85 bota zituzten zarauztarrek.

Horrekin, bukaera eman diote denboraldiari, eta borobiltzeko, urtero bezala, tiraldia eta bazkaria egingo dute denek elkarrekin, abenduaren 8an Gabirin. Sari banaketak eta omenaldiak ere izango dira bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!