Galarretan asteazkenean izan zen istripuaren lekuko bila dabil Ertzaintza

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 3a, 00:00

Ibilgailu batek bi emakume harrapatu zituen GI-3401 errepidean, Galarretan; eta bi emakumeetako bat hil egin zen, 93 urtekoa.

Istripua izan zen joan den asteazkenean, Galarreta inguruan, GI-3401 errepidean: ibilgailu batek bi emakume harrapatu zituen, goizeko 10:30ak aldera. Bi emakumeak zaurituta eraman zituzten Donostiako Ospitalera, baina horietako bat, 93 urtekoa, ospitalean hil zen.

Ikerketa zabalduta, gertatutakoa argitu nahian ari da Ertzaintza, eta horretarako, lekuko bila dabil. Istripuari buruzko informazioren bat eman dezaketen guztiei eskatu die, jar daitezela harremanetan Trafiko Unitateko ikerketaren arloko agenteekin, 943 53 91 19 telefono zenbakira deituta.

«Galarretako korapiloak premiazko konponbidea behar du», dio Hernaniko PSE-EEk

Asteazkeneko istripua «biziki deitoratu» du Hernaniko PSE-EEk, eta irtenbide baten beharra nabarmendu du, «etorkizunean berriro horrelakorik bizi beharrik ez izateko. Galarretako korapiloak premiazko konponbidea behar du. Inplikatutako erakundeei, Udalari eta Foru Aldundiari, eskatzen diegu premiazko irtenbidea ematea Galarretako inguruneak pairatzen dituen mugikortasun arazoei».

Zentzu horretan, gogorarazi du 2022ko urrian Hernaniko Udalak aho batez onartu zuela sozialistek aurkeztutako mozio bat, adieraziz Galarretako inguruak aldaketa haundia izan duela azken urteotan, merkataritza eta hezkuntza eskaintza haunditu delako; eta horrek oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa areagotzea ekarri duela, oinezkoentzako arrisku eremu bilakatuz.

«Proposamen hura GI-2131ko zebrabideei buruzkoa izan arren, gogoeta egin genuen oinezkoek inguru osoan zuten segurtasunari buruz, eta ibilgailuen zirkulazioa haunditzeari buruz. Pleno hartan, alkateak jakinarazi zuen Aldundiarekin lan egingo zuela arazoari irtenbidea emateko, azken horren eskumena delako. Galarreta auzoko bizilagunak ere kezkatuta zeuden gai horrekin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!