Bailarako herritar askok egin zuten bat atzoko mobilizazioekin eta protestekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 1a, 00:00

Hiru zutabetan antolatu zuten arratsaldeko mobilizazioa, eta Gudarien plazan bukatu zen.

Manifestazio jendetsuak izan ziren egun osoan zehar. Mugimendu Feministako kideek nabarmendu zuten atzokoa «mugarri bat» izan zela, baina «bide luzea» dagoela oraindik egiteko.

Mobilizazio jendetsuak izan ziren atzo Urumea bailaran. Piketeekin hasi zuten askok greba eguna, eta herritar ugari batu ziren antolatutako manifestazioetara.

Eguerdiko 12:00etan hernaniar asko joan ziren Zaharren Egoitzako atarira. Euria ez zen traba izan aldarrikapenak egiteko, eta, aterkipean gordeta, bertako langileen hitzartzearekin hasi zen protesta ekitaldia. «Zaintza sistema publiko eta komunitarioa» aldarrikatu zuten langileek, «zaintza krisiaren dimentsio globala» nabarmenduz: «Pandemiak argi utzi zuen kolokan zegoen zaintza erregimena erabat kolapsatuta zegoela. Sistema kapitalistak, patriarkalak eta kolonialak mantentzen duen zaintza erregimen bidegabearen aurrean gaude, eta nahikoa da». 

Zaharren Egoitzetan bizi duten egoera txarra mahai gaineratzeko beharra ere azaldu zuten langileek, eta aldaketak gauzatzeko bultzada gisa irudikatu zuten atzoko greba eguna: «Bizitzak sostengatzeko beharrezkoa da zaintza. Hortaz, jendarte osoari dagokigu gaia mahai gainean jarri eta pixkanaka eredua aldatzen hasteko bultzada ematea». 


Eskualdeko manifestazio jendetsua, arratsaldean

Eguneko manifestazio haundiena arratsaldekoa izan zen. Hiru bloketan antolatuta, Buruntzaldeako herritar ugarik hartu zituzten Hernaniko kaleak. Zikuñagatik, Sandiusterritik eta Etxeberritik atera ziren zutabeak, eta Zinkoenean elkartu ondoren, Gudarien plazan bukatu zuten ibilbidea.

Bertan, Mugimendu Feministako kideek hartu zuten hitza. Bederatzi kideren artean irakurri zuten Zaintza Sistema Kolektiboaren aldeko aldarrietan oinarritutako manifestua. Ekitaldia amaitzeko, mugarri gehiago jarriko dituztela nabarmendu zuten: «Gaurkoa mugarri bat izan da, baina ez da ezeren amaiera. Bide luzea dugu oraindik egiteko, eta gaurkoa bezalako beste mugarri ugari izango dituela ziur gaude. Beraz, antolatu, zaindu eta bizirik mantendu gaur arte sortu dugun guztia. Euskal Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa dugu irabazteko!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!