Jende ugari batu da eguerdiko mobilizazio musikatura

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 30a, 13:06

Hernaniko Zaharren egoitzan hasi da mobilizazioa, eta herriko kaleak zeharkatu ditu manifestazio jendetsuak. 

Eguerdiko 12:00etan jarri du hitzordua Hernaniko Koordinadora Feministak, eta jende ugari bertaratu da Zaharren Egoitzako atarira. Aterkipean gordeta, bertako langileek hartu dute hitza manifestazioa hasi aurretik. 

«Zaintza sistema publiko eta komunitarioa» aldarrikatu dute langileek, eta nabarmendu dute «zaintza krisiaren dimentsio globala»: «Pandemiak argi utzi zuen kolokan zegoen zaintza erregimena erabat kolapsatuta zegoela. Sistema kapitalistak, patriarkalak eta kolonialak mantentzen duen zaintza erregimen bidegabearen aurrean gaude, eta nahikoa da». 


Sektorearen pribatizazioari ere egin diote erreferentzia, egungo egoerak batzuei zainduak izateko eskubidea kentzen diela iritzita: «Nazkatuta gaude zaintza lanak pribatizatuta, arrazializatuta eta feminizatuta egoteaz. Guk ahalduntze ikuspegitik zaindu nahi dugu, zaintzen ari garen pertsonaren bidelagun izan nahi dugu, bere erritmoak eta beharrak errespetatuz. Mundu guztiak zaindua izateko duen eskubidea aldarrikatu nahi dugu». 

Bizi duten egoera txarra mahai gaineratzeko beharra azaldu dute Zaharren Egoitzako langileek, eta aldaketak gauzatzeko bultzada gisa irudikatu dute gaurko eguna: «Bizitzak sostengatzeko beharrezkoa da zaintza. Hortaz, jendarte osoari dagokigu gaia mahai gainean jarri eta pixkanaka eredua aldatzen hasteko bultzada ematea». 

Amaitzeko, gaurko mobilizazioetara batzeko deia egin dute: «Garrantzitsua da gaur gure aldarrikapenak kalera eramatea erakundeei interpelatzeko, enpresarien jarduna salatzeko eta ardurarik hartzen ez duten gizonak seinalatzeko». 

Zaharren Egoitzako langileen hitzartzea amaituta, Kaxkoko kaleak hartu ditu manifestazio jendetsuak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!