Hernaniko Udala klima aldaketara egokitzeko plana osatzen ari da. «Krisi klimatikoari aurre egiteko, berotegi-efektuko gasen isurpenak murrizteaz gain, udalerrian dagoeneko aurreikusten diren inpaktuetara egokitzeko ekintzak martxan jartzea izango da helburua», azaldu du Udalak.
Hori horrela, herriaren egoera zein den ezagutu eta Hernanin espero diren inpaktu nagusiak identifikatzeko diagnostikoa egiten ari da Udala, «klima-aldagai ezberdinak eta mende bukaerarako aurreikuspenak aztertuz», aditzera eman du.
Eta Udalak aitortu du herritarrak direla haien herria ondoen ezagutzen dutenak, beraz, «haien ahotsa eta iritzia kontuan hartu nahi ditugu Plan hau diseinatzerako garaian». Horretarako, online formatuko galdetegi bat prestatu du, «2-3 minututan erantzuteko modukoa», azaldu duenez. Gainera, galdetegia erantzuteko ez da ezagutza teknikorik behar. Udalarentzako garrantzitsua da herritarren iritzia jasotzea eta horregatik, aldez aurretik eskertu nahi du parte hartzea. Amaitzeko, Udalak dio, aurrerago herritarrekin partaidetza saioak ere antolatuko direla. Ondorengo estekan dago galdetegia: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSfYCUBNIYmoEJd9_p6eWmYHk8h_41cPz_Dul015PhE3uZ_0YA/viewform.