Udal barruko batzorde berezia sortuko dute, Floridako hirigintza garapenerako

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 1a, 00:00

Iraileko pleno batean. Artxiboko argazkia.

Udal barruko batzorde bereziaren onarpenaz gain, beste zenbait erabaki hartu ziren astearteko plenoan; besteak beste, Euskeraren Eguneko mozioa onartzea.

Azaroko ohiko udalbatzarra egin zuten ostegunean, eta aho batez onartu zuten, besteak beste, aniztasun funtzionala duten bidaiarien laguntzaileek garraio publikoan laguntza ekonomikoa jasotzea ahalbidetuko duten erregelamendua, eta horrez gain, Garraio Agentziak prestatutako erregelamendua onetsi zuen Hernaniko Udalak. 

Florida 08 eremuko garapen urbanistikoa lantzeko, udal barruko batzorde berezi bat sortzea ere onartu zuten astearteko osoko bilkuran. Bertan, alderdi guztiek hartuko dute parte, ordezkaritza  proportzioak mantenduz. Batzordeak Floridako lanak hasi eta aurreko epean funtzionatuko duela jakinarazi zuten. Era berean, Gobernu Taldeak ondorengoa azaldu zuen: 'Uste dugu herriko etxebizitzaren problematikari elkarrekin erantzun behar diogula'. Oposizioko  alderdiek baieztatu zuten euren parte hartzea.

Itsaso Lekuona alkarteordeak adierazi zuen 'Florida 08' Hernanin azken urteetan egingo den garapen urbanistikorik 'garrantzitsuenetakoa' izango dela. Izan ere, besteak beste, 'Etxeberrirako bidea eta segurtasuna hobetzea ahalbidetuko du garapenak, eta babes publikoa izango duten 300 etxebizitza baino gehiago eraikiko dira bertan'.

 

Euskeraren Eguneko mozioa, onartutzat eman zen.

Etxez etxeko zerbitzuaren urtebeteko luzapena ere onartu zen, EH Bilduren, EAJren eta PSE-EEren aldezko bozkekin. Podemosek, aldiz, aurka bozkatu zuen, ondorengo arrazoia helaraziz: «uste dugu udal zerbitzua izan beharko lukeela». Eta Itsaso Lekuonak adostasuna agertu zuen Podemosen iritziarekin. Eta ondorengoa azaldu zuen: «Horregatik ari gara zaintzaren inguruan apustua egiten. Baina publifikaziorako bidean, zerbitzuak eta lan-baldintzak hobetzen jarraitzea ezinbestekoa da». Horretarako, etxez etxeko zerbitzua eskaintzen duen Hernaniko kooperatibarekin elkarlanean ari direla azaldu zuen, eta «Hernani zaintzan egiten ari den lanketa eredu» dela.

Azkenik, UEMAk Euskeraren Egunaren harira egin duen 'Euskara eta bidea' adierazpena aurkeztu zuten, eta EH Bilduren, EAJren eta Podemosen aldeko bozkekin, onartutzat eman zen. PSE-EEk aukera bozkatu zuen, «gure ustez ez baitago euskeraren kontrako erasorik» argudiatuz.

Azkenik, galdera-eskarien atalean, oposizioko taldeek herriko zenbait hormatako pintadak garbitzeko eskaera luzatu zuten; eta horrez gain, EAJk asteburuetan herriko kaxkoan hondakinen ordutegia ez dela errespetatzen ere aipatu zuen. Astearteko plenoari amaiera eman zitzaion Gobernuko Taldeak eskaerak jaso eta aztertuko zituela adieraziz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!