Finalera sailkatzea lortu du Nerea Ibarzabalek

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 29a, 00:00

Finalaurrekoa irabazita sailkatu da finalera Ibarzabal.

Lemoako finalaurrekoa irabazita, abenduaren 16ko final haundian kantatuko du Nerea Ibarzabalek.

Pasa den larunbatean jokatu zen, Lemoan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa. Bertan abestu zuen Nerea Ibarzabalek, Hernanin bizi den markina-xemeindarrak, eta 638 puntu bilduta finalera sailkatzea lortu zuen.

Egungo txapeldunaren lehenengo saioa izan zen larunbatekoa. Ibarzabalek argi utzi zuen hasierako agurrean talde giroa defendatuko zuela 'zerbait defenditzekotan', eta halaxe izan zen. Saio borobila osatu zuten oholtzako sei bertsolariek, eta horietatik lauk lortu zuten finalerako txartela. 

Ale dotoreak utzi zituen Ibarzabalek. Ariketa gehienetan lortu zuen bertso borobilak osatzea, baina ganbarako ariketan jo zuen goia. 'Geroz eta gehiagotan egiten duzu. Inork ikusi gabe egiten ahalegintzen zara' gaiari erantzunez, elikadura-portaeraren nahasmendua duen pertsona baten ahotik abestu zuen, eta honela amaitu zuen ariketa:

 

Berriz mahaira itzuli naiz
bajatuta eskailerak
Ta amak 'zer, zelan zaude?'
'arraro' esan dit berak
Eskatu nahiko nioke
salbazio posible bat:
'Arren sartu atzamarrak
ta atera eizkidazu berbak'

Finala abenduaren 16an jokatuko dute Bilbon, eta Ibarzabalekin batera kantuan arituko dira Aissa Intxausti, Aitor Etxebarriazarraga, Gorka Pagonabarraga, Jone Uria, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!