Hernanin erosketak sustatzeko asmoarekin, 500 deskontu bonu jarriko ditu gaur salgai Berriak merkatari eta ostalarien elkarteak. Bonuak eskuratzeko 40 euro ordaindu beharko dira, baina 50 eurokoa izango da gastu balioa. Urtarrilaren 6ra arte erabili ahal izango dira herriko establezimenduetan.
Bonuak Berriak elkartearen bulegoan eskuratu daitezke, Andre kalea 30 helbidean. Erosle bakoitzak NANa erakutsi beharko du tiketak hartzeko momentuan, adinez nagusiak diren pertsonei bakarrik salduko dizkiete eta. Gainera, ordainketa ezingo da eskudirutan egin. Beste pertsona baten izenean bonua erosteko aukera ere izango da, beti ere pertsona horren NANaren fotokopia eramaten bada.
Berriaketik azaldu dute aurtengo kanpainan Hernaniko 70 saltoki baino gehiago batu direla: «Hainbat sektoretako establezimenduak daude; ehungintza, oinetakoak, aisialdia, kultura, edergintza... Eta, beraz, kontsumitzaileak aukera ugari izago ditu horiek erabiltzeko».
Gaur goizean jarriko dituzte deskontu bonuak salgai, eta bulegoko ordutegiaren arabera hartu ahalko dira: goizeko 09:00etatik eguerdiko 14:00etara, eta arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara.