Makina bat ekintza euskaraz gozatzeko asteazkenetik hasita

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 28a, 00:00

Mintzodromoa izango da egitarauko lehenengo ekintza.

Azaroaren 29tik abenduaren 5era arte, euskararen egunak ospatuko dira. Lehen ekitaldia mintzodromoa izango da.

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, ekintza ugari izango dira Hernanin asteazkenetik hasita. Helburua euskara praktikatu eta euskaraz gozatzea da eta mintzodromoa izango da lehen ekitaldia, azaroaren 29an, goizeko 10:00etan Milagrosan.

Asteburuko menua, bertso eta kantu bazkariek zein bakarrizketek osatuko dute: abenduaren 2an, larunbatean, Aitor Mendiluzek eta Nerea Elustondok jarriko diote ahotsa bazkariari Elur Txori Elkartean, eguerdiko 14:00etan eta abenduaren 3an, bakarrizketak gustuko dituenak Gorka Olazabal eta Telmo Irureta entzuteko aukera izango du, Guria tabernan, arratsaldeko 19:00etan. Kantu bazkaria ere igandean izango da, 14:00etan. Goiz Eguzkik antolatu du eta betiko euskal abestien letrak banatuko dira.

Musika giroan jarraituz, abenduaren 4an, astelehena, euskal kantuekin osatutako bingoa izango da arratsaldeko 18:00etan Milagrosan. Dobera Elkarteko kideek adierazi dutenez «primerako sariak» egongo dira eta txartel bakoitzak euro bateko kostua izango du. Azkenik, asteartean, hitzaldia egongo da Biteri Kultur Etxean: «Nola eragin gure seme alaben hizkuntza ohituretan?». Sarrera doakoa izango da eta arratsaldeko 17:30etan hasiko da.

Dobera Elkarteak herritarrei ekintzetan parte hartzeko gonbitea luzatu die: «Animatu zaitezte parte hartzera eta gozatu euskararen egunak!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!