«Guztientzat kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak aldarrikatu nahi ditugu osteguneko mobilizazioetan»

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 28a, 00:00

Itaiak deitutako kontzentrazio bateko artxiboko irudia.

'Kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak guztiontzat!' lelopean, ostegunean mobilizatzeko deia egin du Itaiak. Deialdiari buruzko xehetasunak azaltzeko, Buruntzaldeako Itaiako kide batekin hitz egin du Kronikak.

Ostegun honetarako protesta ekitaldiak antolatu ditu Itaiak. 'Kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak guztiontzat!' lelopean, manifestazioak egingo dituzte hiriburuetan; Donostiakoa eguerdiko 13:00etan aterako da Boulevardetik. Deialdiari buruzko xehetasunak jasotzeko, Buruntzaldeako Itaiako kide batekin hitz egin du Kronikak. 

Zeintzuk izango dira Itaiaren aldarrikapen nagusiak osteguneko greban?

Guztientzat kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak aldarrikatu nahi ditugu. Horren barruan, beharrezkoa iruditzen zaigu zaintza arloko lan banaketa sexuala gainditzeko pausoak ematea, baita zaintza lanen aitortza soziala aldarrikatzea ere. Argi dago zaintza lanak oso lan feminizatuak direla, eta horrelakoetan gertatzen dena da langileek ez dutela aitortza sozialik izaten. Horregatik, zaintza sektoreko langileek dituzten lan baldintza kaxkarrak salatuko ditugu. 

Horrez gain, gaur egungo testuinguruan ikusten dugu emakume langileen bizi baldintzak okerrera doazela sektore askotan, eta hori mahaigaineratzea ere bada Itaiaren helburua.

Beraz, sektore askotako lan baldintzei egingo diezue erreferentzia protestetan. 

Bai, hori da. Azkenean ulertzen dugu zaintza sektoreko langileen egoera dela nabarmenetako bat, eta beharrezkoa dela hori mahai gainean jartzea. Horregatik, Itaiatik urte guztian zehar aritzen gara sektore horretan lanean. Baina guretzat garrantzitsua da orokorrean, hortik harago, irakurketa osatuago bat egitea, eta emakume langileon bizi baldintzak esparru guztietan aipatzea. Zaintza lanetatik aparte, ikusten dugu emakume langileen egungo egoera ezaugarritzen dutela egiturazko langabeziak, prekarietateak eta indarkeria matxistaren gogortzeak. Hori ere sozializatzeko egun bat dela uste dugu.  

Itaiak argitaratutako irakurketan nabarmentzen duzue egoeraren konponbidea erakunde publikoetatik kanpo antolatzetik igarotzen dela. 

Bai. Guk ulertzen dugu zaintza sektorea ez dela sistema kapitalistatik aparte funtzionatzen duen zerbait. Kontrara, zaintza lanak ezaugarritzen dituena da erabat interes ekonomiko batzuen menpe daudela. Askotan ikusten dugu zerbitzu publikoetan azpikontraten bidez egiten dela lan, enpresa pribatuak arduratzen direla lan hauen kudeaketaz. Horrek erakunde publikoei kostu txikiagoa suposatzen die, eta, aldi berean, enpresa pribatuak aberasten ari dira. Testuinguru horretan ulertu behar dugu zaintza ere, eta horregatik da garrantzitsua instituzio publikoek betetzen duten funtzioa seinalatzea, horren aurrean zerbait egiteko daukaten ezintasuna nabarmentzeko. 

Mobilizazioei dagokienez, zer egiteko asmoa duzue?

Itaiak hiriburuetan egin du mobilizatzeko deia. Guk ere Donostian 13:00etan egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egingo dugu. Horrez gain, goizean zehar eskualdeko herrietan lanean arituko gara, pikete informatiboak egiten, propaganda egiten eta greba testuingurua zabaltzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!