Egun osoko protesta egitaraua antolatu du Hernaniko Koordinadora Feministak, osteguneko grebarako

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 28a, 00:00

Jende ugari elkartu zen larunbatean, KPFn egindako mahai inguruan.

Hamaiketako autogestionatua eta mobilizazio musikatua egingo dituzte goizean, eta eskualdeko mobilizazioa izango da bazkalostean. Behar dutenentzat, zaintza zerbitzua eskainiko dute AEK-n.

Osteguneko Greba Feminista Orokorra dela eta, egun osoko protesta egitaraua antolatu du Hernaniko Koordinadora Feministak. Hala, jarraipena emango diote pasa den larunbatean, azaroaren 25ean, egindako zaintzari buruzko mahai inguru jendetsuari. 

Goizeko 11:00etan hasiko dira antolatutako jarduerak. Atsegindegin elkartuko dira grebalariak, eta hamaiketako autogestionatuarekin hasiko dute eguna. Behin elkartuta, Zaharren Egoitzara joango dira, bertatik abiatuko baita mobilizazio musikatua. Koordinadora Feministatik azaldu dute kokaleku horretatik abiatzeko arrazoia: «Bertako langile askok ezin izango dute grebarik egin, eta beraiek ere presente egoteko eta haiekiko elkartasuna adierazteko modua izango da». Mobilizazio musikatuaren ondoren, bazkari autogestionatua egingo dute Atsegindegin. 

Eguneko ekintza haundiena arratsaldekoa izango da. Eskualde mailako manifestazioa antolatu dute Hernanin, eta inguruko herrietatik jende ugari etortzea espero da. Hiru zutabetan antolatuko dute manifestazioa: Zikuñagatik aterako da 'Zaintza Sistema Publikoaren Alde' zutabea; Etxeberritik 'Zaintza langileen baldintza duinen alde' zutabea; eta Sandiusterritik 'Bizitza Duinen Alde' zutabea. 

Zutabe guztiak elkartuta, ekitaldi batekin amaituko dute manifestazioa, Tilosetan. 

Zaintza zerbitzua, Hernaniko AEK-ren egoitzan

Behar duten pertsonentzat zaintza zerbitzua izango da Hernaniko AEK-ren egoitzan. 10:30etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara irekiko dute gunea. 

Kaxkardiko, Doberako, AEK-ko eta udalekuetako kideak izango dira zaintzaileak, eta egitaraua ondu dute ostegunerako. Bi zinema areto prestatuko dituzte euskaltegiko geletan, eta eskulanak egiteko, dantzatzeko eta jolasteko guneak ere ahalbidetuko dituzte. Gainera, Urumea ikastolako aterpean jolasteko aukera ere izango dute haurrek. 

Haurrak zaintza gunean uzteko beharrezkoa da aurrez abisatzea, grebafeministazaintza@gmail.com helbide elektronikora mezu bat idatzita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!