Bihar emango zaio hasiera antzerki zikloari, 'Kanpora sartzen' antzezlanarekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 27a, 00:00

Intza Alkainek eta Xabin Fernandezek eskainiko dute bihar, 'Kanpora sartzen' obra. Argazkia: Txalo.com

Antzerki zikloko hiru antzezlanak arratsaldeko 19:30etan hasiko dira, Biterin. Sarrerak salgai daude dagoeneko.

Hernaniko Antzerki Zikloaren edizio berriari emango zaio hasiera bihar, eta abenduaren 1era arte izango dute protagonismoa antzezlanek, Biteriko oholtzan. Helduek hiru antzezlan ikusteko aukera izango dute, Kanpora sartzen, eta Toto euskeraz; eta Yerma gaztelaniaz. Sarrerak kultura.hernani.eus webgunean eta Biteriko leihatilan daude salgai, 8 euroren truke. Hiru emanaldiak arratsaldeko 19:30etan hasiko dira, Biteriko areto nagusian.

Helduek ez ezik, txikiek ere izango dute antzerkiaz gozatzeko aukera. Izan ere, antzerki zikloaren baitan ez bada ere, abenduaren 2an haurrentzat antzerki emanaldia eskainiko dute Zurrunka teatroa osatzen duten kideek. 'Gure kanoa' izango da oholtzaratuko duten lana, eta eguerdiko 12:00etan emango zaio hasiera. Emanaldi honetarako sarrerak ere dagoeneko salgai daude, 3,5 euroren truke. 


'Kanpora sartzen', sentimendu gordinen eta umorearen arteko orekan

Aitziber Garmendiak zuzendutako antzezlan honen aktoreak Xabin Fernandez eta Intza Alkain dira. Eta ondorengoa da obraren sinopsia: 2013ko martxoaren 11n, Xabinek seropositiboa zela jakin zuen; egun hartan, dena aldatu zen. Hamar urteren ostean, Xabin eta birusaren arteko harremanaz hitz egiteko garaia iritsi da. Lanak birusarekin izandako elkarbizitza eta azken hamarkadan gertatutako pasadizoak errepasatuko ditu. Pilulak, estigma, lotsa, kontsultak, beldurra, errua, bakardadea, osasun mentala, terapia, pandemia... Nola eragin du birusaren etorrerak Xabinen eguneroko bizitzan?

Kanpora sartzen sentimendu gordinenen eta umorearen arteko oreka bilatzen duen lehen pertsonan idatzitako istorioa da.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!