Partidu garrantzitsua du Hernanik etxean, Zarautzen kontra

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 25a, 00:00

Anartz Elosegi Bera Beraren aurkako partiduan

Landaren jokatuko dute gaur trikoloreek, arratsaldeko 16:00etan

Garrantzi haundiko partidua jokatuko du gaur Hernanik, aurkari zuzena den Zarautzen aurka. Bost talde daude momentu honetan oso berdinduta Ohorezko B mailako sailkapenean, sei partidutatik bost irabazita eta bat galduta. Trikoloreek igoera fasera igotzeko txartela eskuratzeko inportantea izango da gaur garaipena erdiestea eta bonusak ere bere garrantzia izango du.

Aurreko astean lehen porrota jaso zuen taldeak, azken 5 minututan nagusitu baizitzaion Gernika, 25-24. Zarauztarrak, ordea, azken partidua irabaztetik datoz, 35-5 amaitu baitzuten Gaztediren aurka.  Talde sendoa osatzen du Zarautzek, iaz Ohorezko B Mailan lehen postuetan ibili ostean, Ohorezko Mailara igotzekotan egon zen. 

Egutegiko momenturik erabakigarrienean dago etxeko taldea: ondorengo asteetan, besteak beste, Universitario de Bilbao eta Gaztedirekin arituko da nor baino nor gehiago. Bi talde horiek trikoloreekin berdinduta daude sailkapenean, hortaz, datozen asteetan, zaleen berotasuna eta babesa ere erabakigarriak izango dira.

Hernanik igoera fasean aritzeko aukera izango duten jakiteko lau partidu gelditzen dira oraindik. Urtarrilaren 14an, sailkapeneko lehen hiru postuetan dauden taldeak izango dira sailkatuak.

23 urtez azpiko taldeak ere etxean hartuko du aurkaria. Sailkapenean lider doan taldearen aurka jokatuko du igandean, Santboianaren kontra, eguerdiko 12:00etan. Bultza Ligari dagokionez, berriz, Iruña izango du aurkari, UPNAn.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!