Binakakoan Aiestaran eta Barrenetxea, gaur

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 25a, 00:00

Aiestaranek Bigarren mailakoa jokatuko du Goikoetxearekin eta Aldabe izango du lagun Barrenetxeak Lehenengo mailan.

Binakako Erremonte Txapelketako beste jardunaldi bat jokatuko da gaur Galarretan, 16:30etatik aurrera. Lehenengo partiduan Bigarren mailako txapelketarako baliagarria izango den partidua jokatuko da eta bertan Loitegi-Eskudero, Goikoetxea V-Aiestaran VI.aren aurka neurtuko dira. Aurreneko partidua irabazi eta gero bigarren garaipena nahi du Aiestaran atzelari hernaniarrak. Gainera, irabaziz gero lider jarriko dira urnietarra eta hernaniarra. Loitegi eta Eskuderok ere jokatutako partidua irabazi egin zuten, baina puntu bat gutxiago dute.

Lehenengo mailan Aldabe eta Barrenetxea IV.a, Segurola-Juanenearen aurka arituko dira. Aldabe eta Barrenetxea jokatutako bi partiduak irabazi dituzte eta gaur, 17:30etatik aurrera, garaipena lortuz gero finalerdietara sailkatuko lirateke. Gainera finalerako zuzenean sailkatzeko aurrera pauso garrantzitsua litzateke. Segurola eta Juaneneak lehenengo partidua galdu egin zuten 2-0 eta bigarrenean garaipena eskuratu zuten 2-1. Hiru puntu dituzte eta garaipenak lasaitasuna emango lioke bikoteari.

Orain arte txapelketa ezin hobea ari dira jokatzen Aldabe eta Barrenetxea. Atzelari hernaniarra sasoi onean dago eta nagusi izan da bi partiduetan. Txapelketako erremontaririk nabarmenena izan da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!