Jangeletan paperezko ahozapiak murrizteko pilotua, martxan

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 25a, 00:00

Momentuz, 213 ahozapi erosi eta banatu ditu Hernaniko Udalak.

Hernaniko HH eta LHko ikastetxeetan oihalezko ahozapiak erabiltzen hasi dira. 

Hernaniko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan paperezko ahozapiak murrizteko proiektu pilotua martxan jarri du Udalak. Egitasmoaren helburu nagusia paperaren erabilera murriztea da: «Hondakinen prebentzioan eragiteaz gain, ikasleek modu jasangarrian kontsumitzen ikasi eta berrerabiltzeko ohitura har dezaten, 'erabili eta bota' ohiturari planto eginez», azaldu dute. 

Hilabete honetan hasi dira probak egiten herriko ikastetxe guztietako HH2, HH3 eta HH5 mailetako haurrekin, eta zentroren batean LHko mailetan ere banatu dituzte oihalezko zapiak. Guztira, herriko oihal denda bateko 213 zapi erosi ditu Udalak. 

Jakinarazi dutenez, Hernaniko jantokietan paperezko ahozapiak erabiltzeak eragin haundia du jasangarritasuna oztopatzeko: «Urtean 219.275 paperezko ahozapi kontsumitu eta botatzen dira hondakinetara. Paperezko ahozapiak fabrikatzeko urtean 54 zuhaitz moztu eta egunean 1.407 litro ur gastatu eta kutsatu behar dira». Horregatik, Udaletik nabarmendu dute garrantzitsua dela «ohitura jasangarriak» garatzea, «ingurumena zaintzeko».

Momentuz, ikastetxeetako jantokietara bideratutako proiektua da, baina harago joateko aukera ikusten dute sustatzaileek: «Proiektu pilotu honekin hondakinen prebentzioan eta Zero Zabor kudeaketan pauso bat aurrera emango du Hernaniko Udalak. Izan ere, ikasleen ohituretan eragiteaz gain, familien ohituretan ere eragin nahi da». Helburu hori lortzeko ahozapi berrerabilgarriei buruzko esku orria prestatu dute, etxeetara zabaltzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!