Gipuzkoako armarriaren inguruko jardunaldia izango da gaur Biterin, eta ponentziak eskainiko dituzte goizean zehar

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 25a, 00:00

Hernani Errotzenek eta Nabarraldek adituak ekarriko ditu Hernanira. Kantaldiarekin hasiko da jardunaldia eta bazkariarekin itxiko da. Tartean Jose Luis Orella, Patxi Olabarria eta Angel Rekalde adituen ponentziak entzungo dira.

Iaz Amaiurren mendeurrena gogoratzeko Jardunaldi-Kongresua antolatu zuten Nabarraldek eta Hernani Errotzenek. Aurten, berriz, «Hernaniko jendartean, baina Gipuzkoan eta Euskal Herrian ere bai, tira-bira batzuk sortu dira armarriaren kontuarekin. Hernanin, Astigarragan eta Lasarten, besteak beste, Gipuzkoako armarri zaharra jarrita daukagu leku publikoetan». Horri helduko diote gaurko jardunaldian.

Ikertzaile asko izan dira gaiaren inguruan euren lanak, hausnarketak eta ondorioak taxutu dituztenak. Aipagarriak dira Gipuzkoarren artean Serapio Muxika, Esteban Garibay, Nikolas Soraluze eta garaikide den Rosa Ayerbe, esaterako. Beste hainbat euskaldunek ere arakatu dute armarriaren inguruan; baita espainiar batzuek ere, Pedro de Salazar y Mendoza historialariak adibidez.

Hala ere, «badira beste hainbat, jatorri eta ideologia askotarikoak, armarriaren sinboloetan Gipuzkoaren historia desitxuratzeko abagunea ikusi dutenak. Herri honen erroak dituen iruditeria ezkutatzen saiatu direnak, eta Espainiako Inperioak erantsitako legenda eta elezahar iraingarrietan 'bazka' aurkitu dutenak. Hamaika liburu eta prentsa artikulu ikusi ditugu ondo babestutako erakundeen eskutik». 

Sinbolo batek, bere esanahia adierazten du. Herria, lurraldea, erakunde bat, komunitatea, haiek irudikatzen dituzten sinboloetan definitzen da. Gipuzkoako armarriak, lurralde historiko honen existentzia adierazten du. Entitatea eta errealitatea ematen dio. Armarri batek hitz egiten du, zerbait kontatzen du beti: bere edukia, jatorria, bilakaera, garai ezberdinetan bizi izan dituen aldaketak eta abar. Izan ere, Gipuzkoako armarria ez da beti berdina izan, eta bere bilakaerak edo eraldaketak jakin-min haundia pizten du. Aurretik zigiluak eta beste armarri batzuk izan arren (Enrike IV.a erregearen esku hartzearekin 1466ko otsailaren 16an eraldatu zena, adibidez), gehien ezagutzen duguna da Gaztelako erreginak 1513ko otsailaren 28an emandakoa. Gaur, Biterin, horiek denak aztertuko dira.

EGITARAUA

09:15-09:45 Akreditazioak

09:45-10:00 Irekiera

Kantaldia: Aingeru Gorrotxategi

Agurra: Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea

10:00-11:30 Ponentziak

10:00-10:30 Anjel Rekalde: sinbologia, kontakizuna eta historia

10:30-11:00 Jose Luis Orella: Régimen Municipal en Gipuzkoa

11:00-11:30 Patxi Olabarria: Antzuolako armarriaren aldaketa prozesutik Gipuzkoako armarrira

11:30-12:00 Atsedenaldia

12:00-13:30 Mahai-ingurua: Ikurrak eta nortasuna
Parte hartzaileak: Gipuzkoan herriko ikurren inguruan izandako eztabaida-prozesuetako eragileak (Oñati, Zizurkil, Bergara…)

Gaia: Gure herriaren eta herrietako nortasuna eraikitzen duten hain ikur (toponimia, kale izendegia, patroiak, ereserkiak…) izango dira hizpide

13:30-13:45 Sintesia eta ondorioak

14:30 Bazkaria

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!