«Garrantzitsua da jokoaren atal guztiak ondo menperatzea atezainen beharretara egokitzeko»

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 25a, 00:00

Axel Alkorta hernaniarra entrenamendu batean.

Duela sei urte hartu zuen Axel Alkorta hernaniarrak atezainen entrenatzaile izateko erabakia. Anaitasuna klubean dabil orain, Hirugarren RFEF mailan, eta ibilbideaz gozatzen jarraitu nahi du.

Anaitasuna taldeko atezainen entrenatzailea da Axel Alkorta hernaniarra. Bigarren denboraldia du bertan, eta oso gustura dago taldeko giroarekin. Entrenatzaileen formakuntzarekin buru belarri jarraitzen du, eta, horrez gain, proiektu bat ere abiatu du Instagram sare sozialean; @alkortagk. Ibilbideaz gozatzen ari da Alkorta, eta esperientzia pilatzen jarraitu nahi du.

Bigarren urtea duzu Anaitasunan. Zer moduz zabiltza?

Oso gustura nago bertan. Askatasun eta konfiantza haundia eman zidaten hasieratik, eta naturaltasuna transmititzen duen kluba da. Ilusioz, gogotsu eta maitasunez ari naiz lanean.

Zer nabarmenduko zenuke Anaitasunaren filosofiatik?

Batez ere, etxeko filosofia mantentzen dutela, eta etxeko jokalariak asko zaintzen dituztela. Azpimarragarria da harrobiko taldeetan egiten duten lan ona, bertako jokalariak hirugarren mailan jokatzeko edo entrenatzeko prest egon daitezen.  

Entrenatzaile berriarekin hasi duzue denboraldia...

Bai, hori da. Txema Añibarro da entrenatzailea. Ospe eta esperientzia haundiko entrenatzailea da, zazpi urtez Eibarren jokatu zuen, eta hori antzematen da. Entrenamenduetan eta partiduetan ikusten da nola transmititzen dien berak duen jakintza jokalariei, eta staff teknikoan ere ikusten da duen aberastasuna.

Entrenatzaile taldean oso giro ona daukagu. Konfiantzazkoa da gure harremana, eta horrek asko laguntzen du gauzak ondo joateko. Gainera, nabarmenduko nuke prestatzaile fisikoaren figura. Bost urte daramatza bertan, eta futboleko kontuez gain, taldeak aurrera egiteko lan haundia egiten du zelaitik kanpo. 


Giro on hori emaitzetan islatzen ari da? Zer moduz hasi duzue denboraldia?

Denboraldi hasieran taldea egokitzen joan da entrenatzailearen ideietara eta jokoak eskatzen duenera. Pixkanaka erritmoa hartu dute jokalariek eta lortu nahi ditugun emaitzetara gerturatu gara. Azken partiduetan zenbait garaipen lortu ditugu, eta aurreko asteburuan berdindu egin genuen Lagun Onak taldearen aurkako derbian.  

Atezainen entrenatzailea zara zu. Nola azalduko zenuke zure lana? 

Aldakorra da gure lana, momentuaren araberakoa. Denboraldi hasieran atezainekin elkartzen naiz, eta aurredenboraldian landuko duguna azaltzen diet, atal tekniko, taktiko, kondizional eta psikologikoak kontuan hartuta. Aurreko urtean atezainak berriak ziren niretzat, ez nituen ezagutzen, eta behaketa zehatzagoa egin behar izan nuen, hobetu beharrekoak identifikatzeko. Aurten, aldiz, atezainak ezagutzen nituen, eta aurredenboraldian erritmoa hartzea izan da egitekoa. 

Behin liga hasten denean helburua da astez aste, entrenamenduz entrenamendu, helburu txikiak jartzea, eta horiek betetzen joatea. Partiduetara konfiantzarekin iritsi behar dute atezainek. Hirugarren mailan jokatzen dugu, ez da formakuntza kategoria bat, eta asteburuari arreta haundiagoa jartzen diogu entrenamenduetan. 

Hernanin hasi zenuen entrenatzaile ibilbidea. Zer ikasi zenuen bertan? 

Bai, hori da. Ni atezaina nintzen, eta lesio baten ondorioz utzi behar izan nuen futbola. Orduan erabaki nuen entrenatzaile modura hastea. Txikiekin hasi nintzen, infantilekin, eta pixkanaka igotzen joan nintzen. Hernanik sekulako konfidantza eman zidan eta fase horretan asko lagundu ninduten mailaz maila igotzen joateko, Jon Loran kirol zuzendariak batez ere. Asko lagundu dit ibilbide pertsonal eta profesionalean, eta beti sentitu dut gertu. Hernanin jubenilekin, nesken lehenengo taldearekin eta mutilen lehenengo taldearekin aritu nintzen. Asko ikasi nuen bide horretan. Beti esaten dut esperientziak ematen duela irakaspen haundiena, horretan sinesten dut. 

Horrez gain, azken urteetan Realarekin lanean aritu naiz zeharka, kaptazio prozesuan. Zubietakoa ere oso esperientzia aberasgarria izan da alor profesionalean eta pertsonalean. Ondoren Anaitasunak deitu ninduen, eta erronka onartzea erabaki nuen. 


Zein da erabiltzen duzun metodologia? 

Ez daukat metodologia finkorik. Gaztea naiz oraindik, ikasketa prozesuan nago, eta aldakorra da nire lan egiteko modua. Gaur egun altuera batetik grabatzen ditut partiduak, bideoen bidez identifikatzen ditut egindako akatsak eta indarguneak, eta asteko lehenengo entrenamendua horiek atezainekin eta defentsekin lantzeko aprobetxatzen dugu. Hortik aurrera, hurrengo entrenamenduetako lanketa asteburuko partiduari begira egiten dugu. Realean ikasi nuenak asko lagundu dit orain egiten ari naizena egiteko, bertan barneratu nituen teknika horiek. 

Egia da gure lanak, edozein metodologia erabilita ere, denbora eskatzen duela. Etxean orduak pasatzen ditut partiduak eta entrenamenduak aztertzen, jokaldiak errepasatzen edota landu beharrekoak prestatzen. Zelaitik kanpo ere horretan aritu behar izaten dugu.  

Esperientziaz gain, zeintzuk dira akademikoki eman beharreko pausuak?

Formakuntzan bidea nahiko luzea da. Atezainen entrenatzailea izateko beharrezkoa da entrenatzaile tituluak eskuratzea, ondoren atezainetan zentratzeko. Sinpleki azalduta, entrenatzailea izateko lau agiri atera behar dira, eta atezainetan espezializatzeko hiru agiri. Momentu honetan entrenatzaileen hirugarren maila ateratzen ari naiz, eta atezainen bigarrena daukat. Nire helburua titulu guztiak eskuratzea da. Gaur egungo futbolak exijentzia maila altua dauka, eta garrantzitsua da jokoa bera ezagutzea eta ulertzea, osotasunean, ondoren atezainekin lanketa egiteko.


Erreferenteei dagokienez, Hernanin badituzu zenbait...

Hala da. Luis Llopis da atezainen entrenatzaile ospetsuenetako bat. Madrilen egindako atezainen kurtsoan tutore modura izan nuen, eta oso aberasgarria izan zen. Berak erakutsitakoak eragin haundia izan du nire lan egiteko moduan, guztia birplanteatzen lagundu dit. Egunak egongo nintzateke bera entzuten eta hitz egiten. Llopisez gain, kurtsoan bertan Espanyoleko, Aston Villako eta Leedseko entrenatzaileak ere ezagutu nituen. 

Nolako ezaugarriak izan behar ditu atezainen entrenatzaile batek? 

Garrantzitsuena jokoaren zati guztiak ondo menperatzea da. Espezifikoki ere atezain bakoitzaren beharretara egokitzea beharrezkoa da, ahulguneak indartzeko. Atezainak gertuko harremana eskatzen du, berebizikoa da zelai barruan eta bertatik kanpo pertsonak ezagutzea, bakoitzarekin modu ezberdinean funtzionatu behar delako. Jakin behar da nola motibatzen den bat, nola hobetzen duen besteak...

Sare sozialetan ere proiektu bat daukazu martxan. Zertan datza?

Asmoa da entrenamenduetan egiten duguna bideoen bitartez erakustea. Niri asko gustatzen zait beste atezainen entrenatzaileek igotzen dituzten bideoak ikustea, eta nik ere hori egitea erabaki nuen. Horregatik sortu nuen @alkortagk kontua Instagramen, pentsatzen dudalako interesgarria dela elkar elikatzea, batak bestearengandik ikasteko. 

Bideo horiek kanporako eta barrurako balio dute, ezta?

Hori da. Zabaltzen ditudan bideoetan atezainen ekintza onenak sartzen ditut, baina horren atzean lanketa bat dago, lanketa teknikoa. Bideo horiek balio dute erakusteko atezainei zer egin duten, eta bideratzeko hurrengo entrenamenduetako lana. 

Zeintzuk dira zure helburuak?

Egunez egun ikasten jarraitzea da lehenengo helburua, bidean agertzen diren erronka berriei aurre egin ahal izateko. Momenturen batean kanpora joateko aukera badut, gustura hartuko dut hori ere, baina momentu honetan eguneroko lanean jartzen dut arreta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!