Hernaniko eredua Hego Amerikan azaltzen ari da Xabier Lertxundi alkatea

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 24a, 00:00

Xabier Lertxundi alkatea, eskuinean, Montevideoko mahai inguruan.

Auzozaintzaren, Hernani Burujaberen eta hondakinen kudeaketaren berri emango du Uruguain eta Brasilen.

Hernaniko udalgintzako zenbait proiektu eta ereduren berri ematen ari da Xabier Lertxundi alkatea Hego Amerikan. Bertako zenbait eragileren gonbidapena jasota, Uruguain eta Brasilen egiten ari diren jardunaldi batzuetan parte hartuko du Lertxundik.

Pasa den asteburuan Montevideoko Municipio B-n egindako Diagonal foroan hartu zuen parte. Bertan, Hernani Burujaberen baitan sortutako Auzozaintza proiektuari buruz hitz egin zuen 'Feminismoa eta Komunalak' mahai inguruan. Uruguaiko, Brasilgo eta Herrialde Katalanetako ordezkariek osatu zuten solasaldia. Udaletik nabarmendu dute «beste erakundeen praktika onak ikasketa interesgarriak» izango direla Hernanirako ere.

Mahai inguruaz gain, Municipio B-ko alkate Silvana Pissanorekin bildu zen Lertxundi, bertako zenbait proiektu gertuagotik ezagutzeko.

Argentinan geldialdia Brasilgo mintegira joan aurretik

Datorren astean, azaroaren 28an eta 29an, 'Saneamendu eta ingurumen kudeaketa: etorkizun iraunkor baterako erronkak eta irtenbideak' mintegia izango da Brasilgo Uberlandia hirian. Lertxundik Hernaniko hondakinen kudeaketa azalduko du bertan.

Hala ere, Brasilen lur hartu aurretik, Buenos Airesen geldialdi labur bat egingo du. Bertan Tiempo Argentino egunkaria ezagutzeko aukera izango du alkateak.

Hernanin egindako HARIAK zinemaldian tartea izan zuen egunkari argentinarrak; langileen kooperatiba da, izaera berezikoa, eta gisa horretako haundiena. Malena Winer lehendakaria Hernanin izan zen azaroan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!