Xenpelar sariketan arituko da gaur 'Anatx'

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 24a, 00:00

Gaurko saioa irabazten duenak abenduaren 8ko finalean abestuko du.

Gaur arratsaldean jokatuko dute kanporaketako saioa, 19:00etan, Errenteriako Xenpelar Etxean.

XXVII. Xenpelar Sariko kanporaketa jokatuko dute gaur, arratsaldeko 19:00etan hasita, Errenteriako Xenpelar Etxean. Sei bertsolari gaztek abestuko dute gaurko saioan, eta horien artean izango da Andoni Mujika 'Anatx' hernaniarra. Anatxekin batera Ekain Alegre, Libe Goenaga, Haira Aizpurua, Emaitz Murua, eta Garazi Navarro arituko dira kantuan.

Saio motza eta bizia osatu beharko dute sei bertsolariek, lau ariketako kanporaketan. Ofiziokako atalean binaka hiruna bertso zortziko haundian, binaka hiruna bertso zortziko txikian eta binaka hiruna bertso 'Iparragirre abila dela' doinuan abestu beharko dituzte. Ganbarako lanean, berriz, hiru puntu erantzun eta bakarka gaia emanda zortziko haundian hiru bertso bota beharko ditu bakoitzak.

Kanporaketako bigarren saioa izango da gaurkoa. Saioa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da abenduaren 8an Niessen aretoan jokatuko den finalera. Gainontzekoak puntuazioaren arabera sailkatuko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!