Greba Feminista Orokorraren erronka jarri du aurten Euskal Herriko mugimendu feministak, eta guk gazte perspektibatik badugu ekarpen bat egiteko. Krisi bat bizi eta beste krisi bat ezagutzen gabiltzan belaunaldia gara. Testuinguru honetan, sistema zisheteropatriarkalak sortzen duen kapitala eta bizitzaren arteko talka, bereziki zaintza arloan azaleratzen da.
Azken urte hauetan, pribatizazio prozesu oso gogor bat egon da zaintza lanen eremuan. Zaintzarako denborarik uzten ez digun sistema honetan, familiak zaintza erostera behartuta ikusten dira eta hori probestuz, erakundeek pribatizazioa sustatzen dute. Gure etorkizunari begira, neska gazteok izango gara zaintza horren kargu egingo garenak, batetik, gizonek ez dituztelako beraien lanak egiten eta, beste aldetik, instituzio publikoetatik ez delako zaintzaren aldeko apusturik egiten.
Jaiotzen garenetik esleitzen zaizkigun genero rolen bidez, zaintza lanetara bideratuak gara eta belaunaldiz belaunaldi zaintza lanen zama emakumeon artean transmititzen zaigu; panpinen zaintzatik hasita, aiton-amonen edota gurasoen zaintzaraino. Neska gazteok klase partikularrak ematen ditugu, haurrak zaintzen ditugu, udalekuetan gaude eta ez da kasualitatea geu izatea lan horiek betetzen ari garenak.
Halaber, gizonok gure artean zaintza lantzea normalizatzeko beharra ikusten dugu, gure egunerokotasunean hutsune ugari identifikatzen baititugu: orokorrean, zaintza ez da egunerokoan presente daugakun zerbait, lagun gutxi batzuekin eta momentu puntualetan lantzen dugu zaintza eta ez bada beharrak bultzatuta, ez gara elkar zaintzen.
Gizonoi esleitzen zaizkigun rol hauek erreproduzitzen jarraitzeak zaintzaren gaineko ardura desorekatua betikotzea dakar. Hortaz, gizarteak inposatutako rol hauek hausteko, ezinbestekoa da gizonok dagokigun ardura hartzea, zaintza lanen banaketa orekatu bat izan dezagun.
Sistemak estutzen gaituen honetan, kale, txoko eta hezigune guztiak okupatzea dagokigu determinazio osoz. Bide horretatik, bat egiten dugu Mugimendu Feministak Euskal Herri luze zabalean antolaturiko mobilizazioekin eta dei egiten diogu euskal gazteriari azaroak 30eko greba feminista orokorrean parte hartzeko.