Gipuzkoako armarria hizpide, larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 22a, 00:00

Angel Rekaldek aurreneko ponentzia eskainiko du. Argazkia: 'Nabarralde.eus'.

Jardunaldi egunerako bazkaria ere antolatu dute, eta aurrez izena eman behar da inkesta bat beteta.

Nabarraldek eta Hernani Errotzenek azken urteetan 'Memoria lekuak' kontzeptuaren inguruan egindako hausnarketaren testuinguruari lotuta, larunbaterako Gipuzkoako armarria erdigunean jarriko duten jardunaldia antolatu dute. Eta bide batez, «herri nortasuna eta ikur anitzak» ere erdigunean jarriko dituzte.

Biterin izango da jardunaldia; goizeko 09:15etatik 09:45etara bitartean akreditazioak banatuko dituzte eta segidan, irekiera izango da. Aingeru Gorrotxategiren kantaldiaren eta Xabier Lertxundi alkatearen agurraren ostean, ponentziekin hasiko dira, 10:00etan hasita, 11:30etara arte. Aurreneko ponentzia, Angel Rekalde Goikoetxeak eskainiko du, sinbologia, kontakizuna eta historiari buruzkoa; bigarren ponentzian Régimen Municipal en Gipuzkoa izango du hizpide José Luis Orella Unzuék. Hirugarren eta azken ponentzia, berriz, Patxi Olabarria Irizarrek oholtzaratuko du, eta ondorengoa izango du hizketagai: Antzuolako armarriaren aldaketa prozesutik Gipuzkoako armarrira.

Ordubeteko atsedenaldiaren ostean, 12:00etarako, ikurrei eta nortasunari buruzko mahai ingurua antolatu dute, eta ordu-erdiko iraupena izango du.

Eguerdiko, 13:30-13:45 aldera, sintesiarekin eta ondorioekin, amaiera emango diote hausnarketari; eta jarraian, bazkari batekin emango diote amaiera jardunaldiari. Bertaratu nahi duenak izena eman beharko du ondorengo estekan sartuta, eta datuak beteta: https://acortar.link/c1sLhJ.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!