Gobernu Taldeak prest du dagoeneko Hernaniko Udaleko 2024ko aurrekontua

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 22a, 00:00

Hernaniko Udal Gobernu Taldea, bilduta. Argazkia: Hernaniko Udala.

Gobernu Taldeak azaldu du 2023koa baino ia %15 haundiagoa izango dela, 2024rako aurrekontua.

Hernaniko Udaleko Gobernu Taldeak dagoeneko prest du 2024ko udal aurrekontua, eta aitortu du inoizko aurrekonturik «haundiena» izango duela Hernanik: «38.081.300 euro, aurten baino %14,9 gehiago».

Gobernu Taldeak azaldu du 2024ko aurrekontua «hernaniarren ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzeko eta hobetzeko asmoarekin» diseinatu duela. Horrenbestez, ohiko zerbitzu publikoen kalitateari lehentasuna eman zaie, besteak beste, zerbitzu sozialak, jarduera fisikoa eta kirola, kultura, auzoak, herribideak eta bestelako zerbitzuak, hondakinen kudeaketa eta ura.

Era berean, Gobernu Taldeak Udalean ordezkaritza duten beste alderdi politikoei aurkeztu die aurrekontu proposamena, «haien ekarpenak ere jasotzeko»; eta 2024ko aurrekontua abenduko udalbatzarrean onartuko dutela aurreikusi dute.

Gobernu Taldeak nabarmendu du, pandemiaren garairik okerrenak gaindituta, «egoera arrunta normalizatu den urtea» izan dela 2023a: «horrek eragin positibo nabarmena izan du, eta ispilua izango du 2024ko aurrekontuan. Besteak beste, Hernaniko Udalaren diru-sarrerak %11 haundiagoak izango direla aurreikusten dugu».

Orokorrean, Gipuzkoako egoera ekonomikoa ere egonkortu da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ondorengoa iragarri duela azaldu du Gobernu Taldeak: «2024an Udaloi dagokigun funtsa inoizko haundiena izango da: %6,8 gehiago jasoko dugu funts horretatik». 

KPI-aren indizearen eta hornigaien prezioen gorakadaren eraginarengatik, Hernaniko Udalaren ohiko gastuak %6,15 haziko direla ere aurreikusi du Gobernu Taldeak. Eta diote, urteroko igoerez gain, 2024an berrituko diren zerbitzu-kontratuen prezioak egokitu behar izan direla.
 

«Inbertsioetara bideratuko den diru kopurua nabarmen haundituko da»

2024an, batez ere inbertsioetara bideratuko den diru-kopurua haundituko da nabarmen: %266,9. Hau da, guztira 2.935.000€ gordeko ditu Udalak inbertsioetarako. Arlo ezberdinetan gauzatuko dira egitasmoak, «beti ere hernaniarren bizi-kalitatea hobetzea» helburu izanik. Eta Gobernu Taldeak 2024ko inbertsio egitasmo nagusiak zerrendatu ditu: «Karobietako urbanizazio lanak; Osiñaga eta Epele auzoetako saneamendu sarearen obrak; kultur ekipamendu berriaren proiektuaren idazketa; Goiz Eguzki berritzeko lanak; Laiztiaga-Etxeberri eremuko euri-uren sarearen proiektuaren idazketa; eta kiroldegiaren birgaitze energetikoaren exekuzio proiektuaren idazketa».

Bestalde, udal langileen soldatak %2,5 igo dira, «legeak utzi duen gehiagora», Gobernu Taldeak dioenez eta zenbait programa berri sortu dira etorkizunera begira, Hernaniko Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak hobetzeko xedez. Horrez gain, Tokiko Enplegu Planen eta 30 urte arteko gazteentzako Lehen Lanbide Esperientziako programen bidez 16 lanpostu eskainiko direla ere azaldu du Udal Gobernu Taldeak. Era berean, herriko elkartegintzara 2.080.600€ bideratuko dira (aurten baino %14 gehiago): «herriko bizitzan eragiteko duten garrantziarengatik, euren jarduna gauzatzen lagundu nahi diegulako». Horrez gain, energia eta elikadura burujabetzan «urratsak ematen jarraitzeko» bikoiztu egin dute arlo horietara bideratutako diru-kopurua: 110.000 euro. 

Eta bestetik, Ereñotzuko Toki Entitate Txikiari egingo zaion ekarpena ere haundituko dutela ere adierazi du Gobernu Taldeak: %15,6 (guztira, 568.000 €).

Amaitzeko, Gobernu Taldeak azaldu du, aurrekontuak egiteko garaian, «iparrorratza jarraituz» egin duela lan, hau da: «Hernaniko herriaren osotasuna aintzat hartuz, herria eraldatzen jarraitzeko, Hernanin hobeto bizi gaitezen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!