Hernaniko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteria sailak, hirugarrenez Treba Gurasoak hitzaldi-zikloa antolatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Aurreneko hitzaldia azaroaren 6an egin zen, eta bihar bigarren hitzaldiaren txanda izango da. Hitzaldi hauen helburua da gurasotasun positiboa sustatzea: «gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzeko».
Bihar 'Komunikazioa familian. Guraso eta seme-alaben arteko harremanak eta komunikazioa hobetzen' hitzaldia eskainiko du Leyre Cano adituak. Eta ondorengo helburuak lortu nahi ditu Canok: Komunikazio enpatikoa eta asertibitatea zer diren eta zertarako balio duten ulertzea; haurrek entzun dezaten, nola hitz egiten ikasi eta haurrek hitz egin edo sentitzen dutena partekatu dezaten entzuteko moduaren kalitatea areagotzea; hitzezkoa ez den komunikazioaren kontzientzia hartu; emozioak eta beharrak identifikatzeko trebatu; konexioa sortu eta irabazle-irabazle irtenbideak eraikitzen ikastea; norberaren boteretik zentratuta hitz egiten ikastea, bestearen gainetik jarri gabe eta kokildu gabe; eta baliabide praktikoak ezagutu eta egunerokoan sortzen diren egoerak lantzea.
Arratsaldeko 17:30etan hasiko da hitzaldia, Biterin, eta ordu t'erdiko iraupena izango du. Euskeraz izango da, eta itzulpen zerbitzua eskainiko du Udalak. Era berean, antolatzaileek aitortu dute aforoa mugatua denez, interesa duen orok aurrez izena eman behar duela. Horretarako ondorengo bideak daude: https//:labur.eus/trebagurasoak23 beteta, gazteria@hernani.eus-era idatzita; edota 943 33 70 41-era deituta. Hurrengo hitzaldietako bat otsailaren 1ean izango da, Eider Goiburu hezitzailearen eskutik, eta 'Pornografia gaur egungo sexu-heziketa ote?' galdera izango du abiapuntua.