Laikotasuna hizpide izango dute herritarrek bihar, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 21a, 00:00

Bihar arratsaldeko 17:30etan emango diote hasiera laikotasunari buruzko ekitaldiari, Biterin; eta sarrera librea da.

Hernaniko laikotasunari buruzko jardunaldia antolatu du biharko, herriko talde batek. Bihar arratsaldeko 17:30etan hasiko dute ekitaldia Biterin, Cuando el destino nos alcance pelikularen proiekzioarekin. Ordu t'erdiko iraupena izango du filmak eta ondoren foro edo hitzaldia izango da bertaratutakoen artean. Arratsaldeko 19:15etan  izango da hori eta 15 minutuko lau bloketan banatuko dute; lehenengo blokean aurkezpena egingo dute laikotasunaren historiaz; bigarren blokean laikotasuna, igarotze errituak eta jai herrikoiak aztertuko dituzte; hirugarren blokean, hitz egingo dute Espainiako Konstituzioan esaten denaz laikotasunari buruz eta udal-araudiei buruz; eta laugarren eta azken blokean, osasuna, laikotasuna eta identitateak izango dituzte hizketagai. Ondoren, bertaratutakoek eztabaida ireki batean parte hartuko dute. Eta interesa piztu nahi dutenez,  ekitaldia antolatu duen herritar taldeak nabarmendu du sarrera librea dela.

 
Laikotasuna aztergai

Hitzaldia abiatuko dute laikotasunaren definizioetatik, ondorengo galderei erantzunez: «Laikotasunaren ideia, egitateek erakusten duten bezala, ezin konta ahala aldiz enuntziatura mugatzen den horietako bat da. Espainiako Estatua laikoa al da bere egituragatik eta Konstituzioaren arabera bete behar dituen funtzioengatik? Euskal gizartea tolerantea, inklusiboa eta laikoa al da?». Era berean, herriko taldeak azaldu du laikotasunean kontzientzia askatasuna dela gakoetako bat: «Kontzientzia libre da edozein uste edo sinesmenei atxikitzeko, dela fededuna, agnostikoa edo ateoa; edo bati berari ere ez atxikitzeko, edo nahi duenean aukeraz aldatzeko (apostasia Estatuak bermatu behar duen eskubidea da). Horrek esan nahi du argi eta garbi bereizi behar direla eremu publikoa eta pribatua; eta zorrotz bereizi behar direla politika eta erlijioak, edo beste berezitasun batzuk».

Eta azkenik, antolatzaileek jakinarazi dute herritar guztien tratu berdintasuna ere badela: «Estatu laikoaren neutraltasunak eskatzen du aukera partikular bat bera ere (erlijiosoa ala ez) ez diskriminatzea ez positiboki, ez negatiboki. Estatu laiko batean ez dira onargarriak edozein aukeraren pribilegio publikoak. Horrela bakarrik bermatzen da gizabanako guztiak herritar asketzat hartzea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!