Aurrera doa Binakako Erremonte Txapelketa, eta hasi dira aldeak nabarmentzen. Bigarren jardunaldiko partidu bat jokatu dute asteburu honetan, eta bertan Aldabek eta Barrenetxea IV.k 2-0 irabazi zuten Ezkurra II.ren eta Larrañagaren aurka.
Lehenengo tantoetatik bikain hasi ziren Aldabe eta Barrenetxea. 15-7 irabazi zuten lehenengo seta, Barrenetxeak sekulako nagusitasuna erakutsi zuen, eta Ezkurrak eta Larrañagak ez zuten maila ona eman. Alabaina, bigarren seta guztiz desberdina izan zen; Ezkurra jokoan gehiago sartzen hasi zen, eta asko zaildu zizkion jokaldiak Barrenetxeari. 11-13 irabazten joan ziren urdinak, baina azkenean 15-14 gailendu ziren Aldabe eta Barrenetxea.
Bi partidu jokatuta, Aldabe eta Barrenetxea IV dira sailkapeneko liderrak, 8 punturekin.
Irazu eta Apezetxea garaile, bigarren mailan
Bigarren mailako txapelketako partiduan Irazuk eta Apezetxeak lortu zuten garaipena, Urrutia II-Zaldua bikotearen aurka 2-0 irabazita.
Garaipen honekin, lehenengo postura igo dira Irazu eta Apezetxea, beste bikoteek baino partidu bat gehiago jokatuta.