Azkeneko minutuetan egin zion ihes garaipenak Hernaniri, Gernikan

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 21a, 00:00

Zarautzen aurka jokatuko du Hernanik asteburu honetan.

Partidua amaitzeko 5 minutu falta zirenean aurreratu ziren bizkaitarrak, eta 25-24 amaitu zen. 

Denboraldiko lehenengo porrota jaso zuen Hernanik larunbatean. Gernikaren aurkako partiduak azken minutuetan egin zion ihes, eta asko estutu dira sailkapeneko aldeak. 

Partidua ondo hasi zuten trikoloreek. Gernikak emandako kolpeei ondo erantzun zion Hernanik, eta aurretik iritsi zen atsedenaldira, 12-21. Bigarren zatian, berriz, etxeko taldea nagusitu zen; 60. minutuan ensaioa egin zuen Gernikak, eta jokalari bat gutxiagorekin geratu zen Hernani, Beñat Iradik txartel gorria ikusi ondoren. 

Beñat Arizetaren zigor kolpe bakarti baten bidez eskuratu zituen taldeak bigarren zatiko hiru puntuak. 17-24 aurretik iritsi zen Hernani partiduaren azken minutuetara, baina bizkaitarrek ensaio bat eta zigor kolpea baliatu zituzten markagailua iraultzeko. Azkenean, 25-24 amaitu zen partidua. 

 

Partidu erabakigarriak jokatuko ditu Hernanik

Estu daude kontuak Ohorezko B mailako sailkapenean. Zehazki, kategoriako bost taldek dute garaipen eta porrot kopuru berdina. Lehenego hiru sailkatuek lortuko dute igoera faserako txartela; beraz, berebizikoa izango da aurkari zuzenen kontra irabaztea. 

Partidu horietako bati egin beharko dio aurre Hernanik asteburu honetan. Etxean jasoko dute Zarautz, Hernaniren modura 5 garaipen eta porrot 1 jaso dituen taldea. Azken jardunaldiak nagusitasunez irabazi dituzte zarauztarrek, 0-94 gailendu ziren Gijonen kontra, eta 35-3 irabazi diote asteburuan Gaztediri. 

Hernanik etxean sendo jarraitu nahi du, eta horretarako ezinbestekoa izango da zaleen laguntza.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!