Ostegun honetan 2023-2027 Euskera Planaren aurkezpen irekia egingo du Hernaniko Udalak. Biteri Kultur Etxean izango da aurkezpena, arratsaldeko 18:30etan hasita, eta bertan Udalak euskeraren normalizazioan jarraituko duen norabidea azalduko dute.
Zehazki, horixe da Planaren helburua, «Hernanin datozen urteetan euskeraren normalizazio bidean Euskera Zerbitzuak jarraituko duen norabidea zehatzea». Erabaki horien hartzailea Hernaniko herria izango da, eta horregatik egingo dute planaren nondik norakoen aurkezpen saioa.
Udaletik zehaztu dute sortutako plana 2021ean hasitako 'Hernanin euskararen normalizaziora bidean aurrera egiteko ideiak lantzeko' gogoeta prozesuaren emaitza dela. Bertan herriko zenbait eragilek hartu dute parte.
Gaur hasiko dira etorriberrientzat euskera klaseak
Gaur bertan hasiko dira etorriberriei eskainitako oinarrizko euskera saioak, Kulturarteko Plaza Feministan. Hernaniko Udalak eta AMHER elkarteak antolatutako egitasmoa da, eta «etorriberriei euskerara harrera egitea» da helburua, «euskerara lehen hurbilpena izan dezaten».
Euskera saio horiek Hernaniko herritarrekin osatutako boluntario talde batek emango ditu. Astean ordubeteko klaseak izango dira, informalak eta ahozkoan oinarritutakoak.
Izena eman nahi duten pertsonek aukera dute oraindik. AMHERek Kulturarteko Plaza Feministan duten bulegoan egin dezakete inskripzioa, baita amhersosarrazakeria@gmail.com helbidean edo 667 710 928 telefonoan ere.