Askotariko ekintzekin gozatzeko aukera izan zuten hernaniarrek, Hernanikomiken bigarren egunean

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 19a, 00:00

Bost euskal komiki aurkeztu zituzten atzo arratsaldean.

Giro magikoa sortu zuten atzo euskal komikigileek. Herritar asko animatu ziren azoka bisitatzera eta berritasunak ikustera.

Eguzki eta guzti, Atsegindegi komikiekin eta marrazkiekin bete dute azken bi egunetan. Arrakastatsua izan da Hernanikomik azokaren bigarren edizioa, eta adin ezberdinetako hernaniarrek izan dute komikiaren munduarekin lotutako jarduerekin gozatzeko aukera. Euskerazko komikiz gainezka zeuden jarritako 10 postuak, eta bakoitzaren sortzaile gustukoenak ezagutzeko aukera ere izan zuten bertaratutako herritarrek. 

Ostiralean jarri zituzten postuak Atsegindegin, eta jarduera horiek jarraipena izan zuten atzo, egun osoko egitarauarekin. Azoka goizeko 11:00etan ireki zuten, eta bertako postuak lasai ikusteko tartea utzi zuten antolatzaileek. Lehenengo ekitalditxoa eguerdiko 12:00etan egin zuten, Joseph Camino saria banatzeko. Aurtengo edizioan Juan Luis Landa ilustratzaile errenteriarrak jaso du errekonozimendua. Goiza amaitu aurretik, 'dzirt-dzart' saiotxoa eskaini zuten punta puntako beste bi ilustratzailek: Unai Gaztelumendik eta Irati FG-k. 

Goizean zehar haur, gazte eta heldu ugari igaro ziren azokatik, bertako berritasunak ikustera. Haietako batzuk marrazteko txokoetan ere geratu ziren, ondoren haien sorkuntza lanak komikigileei erakusteko. 

Arratsaldeko saioan komiki berrien aurkezpenen txanda izan zen. Guztira bost aurkezpen egin zituzten; horien artean, 'Iker eta Ixone' komikia aurkeztu zuen Gregorio Muro hernaniarrak; eta 'Elur gorrituaren egunak' lana Amaia Telleriak eta Laida Ruizek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!