Zaintza eredua aldatzeko greba

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 18a, 00:00

Hernaniko Koordinadora Feministak asanblada antolatu du etzi Biterin eta mahai-ingurua izango da gaur zortzi.

Azaroaren 30erako Greba Feminista Orokorra deitu du Euskal Herriko mugimendu feministak, hainbat eragilerekin batera, zaintza sistemaren eredua eraldatzeko. Herriz herri ari dira antolatzen eta Hernanin ere buru-belarri ari dira prestaketa-lanetan.

Aldarri horiek guztiak lurreratzeko eta azaroaren 30ean kaleetan zabaltzeko herriz herri ari dira greba batzordeak eta asanbladak sortzen. Hernanin ere asteak daramatza Hernaniko Koordinadora Feministak lanean. Urrian egin zuten lehen asanblada irekia herritarrekin eta etzi astelehenean, azaroaren 20an, izango da hurrengo deialdia, 18:30etan, Biterin.

Greba eguna bera antolatzeko asanblada irekia egingo dute eta herritar guztiei bertan parte hartzeko dei egin diete.

Bestetik, Telegrameko kanalaren eta sare sozialen bitartez ari dira deialdiak eta grebari buruzko informazioa zabaltzen, A30 Greba Feminista Hernani izenpean.

Halaber, azaroaren 25ean, larunbatean, mahai-inguru bat antolatu dute goizeko 11:00etan Kulturarteko Plaza Feministan. Mahai-inguru horretan zaintza ertz desberdinetatik bizi duten hainbat herritar izango dira haien esperientziak eta aldarrikapenak azaltzen. Ondoren, 12:30etan manifestazioa egingo dute bertatik hasita, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta.

Guztion bizitzak zeharkatzen ditu zaintzak modu batera edo bestera, guztiok baitugu zainduak izateko beharra eta, aldi berean, guztiok baikara zaintzaile. Premisa hori aintzat hartuta, eta pandemiak agerian utzi zituen zaintza-sistemaren gabezietatik abiatuta, gogoeta-prozesuari ekin zion duela hilabete batzuk Euskal Herriko Mugimendu Feminista zaintzak erdigunean jarri eta egungo sistema eraldatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!