Bost komiki aurkeztuta eta Juan Luis Landa sarituta borobilduko dute HernaniKomik azoka

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 18a, 00:00

Atzo hasi zen HernaniKomik azokaren bigarren edizioa, Atsegindegi euskerazko komikigintzaren erdigune bilakatuta. Gaur borobilduko dute festa, egun osoko egitarauarekin. Juan Luis Landak jasoko du Joseph Camino saria.

Bigarren urtez, euskerazko komikigintzaren bilgune eta aterpe bilakatu da Hernani. Atzo hasi zen HernaniKomik azoka, Atsegindegin; eta gaur ere izango da euskerazko dozenaka komiki ezagutu eta eskuratzeko aukera, bertan jarriko dituzten 10 postuetan. Goizeko 10:00etan irekiko dute, eguerdiko 14:30ak arte; eta arratsaldean ere egongo da zabalik, 17:00etatik 20:00etara.

Baina postuak ez ezik, makina bat jarduera ere izango dira, egun osorako egitaraua prestatu baitute. Eguerdikoa izango da azokako une nagusietako bat, Joseph Camino saria banatuko baitute: Juan Luis Landa ilustratzaile errenteriarrak jasoko du errekonozimendua aurtengoan.

Segidan, dzirt-dzart saioa es­kainiko dute Unai Gaztelumendi eta Irati FG ilustratzaileek, goizeko saioari bukaera emateko; eta komikien aurkezpenen txanda iritsiko da arratsaldean. Bost komiki aurkeztuko dituzte, 17:00etan hasi eta 19:30ak aldera bukatuta: 'Iker eta Ixone' komikia aurkeztuko du Gregorio Murok; 'Elur gorrituaren egunak', Amaia Telleriak eta Laida Ruizek; 'Artxipielagoa', Martin Etxeberriak, Xabi Etxeberriak eta Alex San Vicentek; 'Gora Euskal Herrientsak!', Asisko Urmenetak; eta 'Memoriaren ibaia', Juan Luis Zabalak eta Iñaki Martiarena 'Mattin'ek

Sei egile sarituta, Doberaren Kromiki Lehiaketan

Atzo ere aurkeztu zituzten hainbat komiki, eta baita sariak banatu ere: Doberaren IV. Kromiki Lehiaketarenak, hain juxtu. Helduen kategorian, Imanol Etxeberria izan zen irabazlea, eta gazteetan, Ander Zubimendirena aukeratu zuten komiki onena. Haurren artean, berriz, zozketa bidez banatu dituzte sariak, eskola bakoitzeko bana. Honakoak izan ziren sarituak: Iskay Livia (Aratz), Ane Leiza (Urumea), Udane Puerto (Elizatxo) eta Maddi Rodriguez (Langile).

EGITARAUA

GAUR, Atsegindegin

11:00, Azokaren irekiera

12:00, Joseph Camino saria, Juan Luis Landari

13:00, Dzirt-dzart saioa: Unai Gaztelumendi eta Irati FG

14:30, Azokaren itxiera, eguerdiko etenaldirako

17:00, Azokaren irekiera

17:00, 'Iker eta Ixone' komikiaren aurkezpena, Gregorio Muroren eskutik. Moderatzailea: Iratxe Retolaza.

17:30, 'Elur gorrituaren egunak' komikiaren aurkezpena, Amaia Telleriaren eta Laida Ruizen eskutik. Moderatzailea: Iratxe Retolaza.

18:00, 'Artxipielagoa' komikiaren aurkezpena, Martin Etxeberriaren, Xabi Etxeberriaren eta Sanviren eskutik.

18:30, 'Gora Euskal Herrientsak!' komikiaren aurkezpena, Asisko Urmenetaren eskutik.

19:00, 'Memoriaren ibaia' komikiaren aurkezpena, Juan Luis Zabalaren eta Mattinen eskutik. Aurkezlea: Morau, zuzeneko musikarekin.

20:00, Azokaren itxiera

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!