«Mintzalagunako taldean errazagoa da euskeraz hitz egitea eta praktikatzea, horixe da gure helburua»

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 18a, 00:00

Maena Romero, Asun Estefano, Joxemi Aparicio eta Begoña Berastegi, Kronikarako elkarrizketan.

Martxan jarraitzen du Dobera Euskara Elkarteak sustatutako Mintzalaguna egitasmoak. Astelehenero elkartzen dira Maena Romero, Asun Estefano, Joxemi Aparicio eta Begoña Berastegi, eta jarraitzeko asmoa dute lauek.

Lau urte daramatzate Begoña Berastegik, Joxemi Apariciok, Maena Romerok eta Asun Estefanok astean behin biltzen. Euskeraz hitz egitea da taldearen helburua, lotsa galdu eta kalean erabiltzeko. Horretan asko lagundu die Doberaren Mintzalaguna egitasmoak eta bertan jarraitzeko asmoa dute. 

 
Zer da Mintzalaguna? Nola azalduko zenukete egitasmoaren funtsa? 

Mingaina askatzeko praktika da, lotsarik gabe hitz egiteko. Hernanikoak gara eta beti hitz egin izan dugu gazteleraz; beraz, egoera normaletan ez daukagu euskeraz hitz egiteko joerarik. Orduan, hemen lasai hitz egiteko aukera daukagu. Bidelariak eta bidelagunak elkartzen gara eta edozein gairi buruz hitz egiten dugu. Garrantzitsua da patxadaz hitz egiten dugula, gozatuz. Gustura etortzen gara hona. 

 

Diozuenagatik, informalki lantzen duzue euskera. Zeri buruz hitz egin ohi duzue?

Hori da, ez da euskera klase bat, giro informalean sortutako elkarrizketak dira abiapuntua. Gaiari dagokionez, oso berritsuak gara (barrez), eta beti ateratzen da zerbait. Ez dugu gairik zehazten, etortzen gara eta hizketan hasten gara. Astelehenetan elkartzen garenez, asteburuan egin duguna aipatzen hasten gara. Oso giro ona daukagu, eta horrek laguntzen du elkarrizketa sortzen.  

Bidelariak eta bidelagunak aipatu dituzue. Zein da bakoitzaren rola? 

Taldeko gehienak bidelariak gara; alegia, euskera praktikatzen ari gara. Gure kasuan Begoña da bidelaguna, berak laguntzen digu euskera lantzen eta mingaina askatzen. Zalantzak argitzen dizkigu eta lasai hitz egiteko aukera ematen digu, beldurrik gabe. Bidelagunaren lana da hitzak ateratzen ez direnean laguntzea, edo zalantza txikiak argitzea, baina elkarrizketan denok naturaltasunez hartzen dugu parte. 

 

Zerk motibatu zintuzten egitasmora animatzera?

Euskaltegian urte dexente igaro ditugu, baina gero hitz egiten ez baduzu guztia ahazten zaizu. Hemen errazagoa da hitz egitea eta praktikatzea. Gure helburua hori da, mingaina askatzea. Egia da bertan hitz egiteko konfiantza nahikoa daukagula, baina kalean gutxi hitz egiten dugula. Horregatik da garrantzitsua hemengo tartea, euskera mantentzeko balio digulako. 

 

Zein da kalean gutxiago hitz egitearen arrazoi nagusia?

Gehienetan lotsa da arazoa, hori kentzeko ere baliagarria da Mintzalaguneko tartea. Bestalde, ohitura falta ere hortxe dago, inguru erdalduna daukagu, gazteleraz hitz egiten dugu, eta ez da hain erraza hori aldatzea. 

 

Hemen landutakoak balio izan dizue kalean gehiago praktikatzeko?

Bai, zalantzarik gabe. Tarteka dendetan edo tabernetan ateratzen zaigu hitz egitea. Momentuaren araberakoa izaten da hori. Adibidez, etorri gabe denbora dexente pasatzen badugu, udako geldialdian eta, gero zailagoa da. Baina denbora asko daramagunean errazagoa izaten da dendan eskatzea. Erritmoa hartzen dugunean asko nabaritzen da elkarrizketetan.  

 

Nola izan zenuten talde honen berri?

Euskaltegian ezagutu genuen egitasmoa, bertan azaldu ziguten aukera hau zegoela. 

 

Zer esango zeniokete izena emateko zalantzan dagoenari?

Animatzeko, zalantzarik gabe. Aukera polita da euskera lantzeko eta lotsak galtzeko. Giro ederra sortzen da taldean, eta patxadaz, gustura eta lasai hitz egiteko aukera dago. Ez da gramatika klase bat, hitz egiteko aukera paregabea baizik. Gure asmoa bertan jarraitzea da, oso gustura gaude.

 

Talde txikian, praktikatuz, euskeraz... Mintzalaguna!

Euskaraz hitz egiten duten pertsonak euskaraz egin nahi duten pertsonekin euskaraz aritzeko elkartzen dituen programa. Guztiz doakoa!

 Ekimenak euskaraz aritzeko aukera ematen die parte hartzaileei eta norberaren euskera maila hobetzeko, beldur eta lotsei aurre egiteko, giro euskaldunean murgiltzeko, lagun berriak egiteko, euskaraz bizitzeko edo normalizazioaren alde egiteko balio du.

Parte hartzeko bi modu daude: euskera praktikatuz edo praktikatzen lagunduz. Egitasmoan izena ematen dutenak talde batean edo bestean sartzeaz Doberako dinamizatzailea arduratzen da eta taldeko partaideen ordutegiak, gustuak, afizioak, euskara maila… hartzen dira kontutan.

Gaur egun, astelehenetik ostiralera arratsaldero eta ostegun goizetan elkartzen dira talde ezberdinak, 50 lagun inguru guztira. Hala ere, talde eta ordutegi berriak ere sortu daitezke, parte-hartzaileen beharren arabera.

Talde txikien saioez gain, harreman sarea haunditzeko helburuarekin, parte hartzaile guztiek elkarrekin egiteko jarduerak antolatzen ditugu; mintzapotea, bisita gidatuak, irteerak…

ANIMATU eta EMAN IZENA! 
https://dobera.eus/mintzalaguna/

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!